Jonathan Perez entrenatzaileak esan duenez, "egia da hanka bat Munduko Txapelketan zuela, baina final baten ezin da ezer segurutzat jo". Atletico San Sebastian taldeko arrasatearrak huts egin zuen lehenengo saiakeran, eta bigarrenean lortu zuen helburua.
Hori baino gehiago lortzeko puntuan egon da, Perezek dioskun moduan: "4 metrokoa egin duenean, ahalegindu da 4,11 egiten eta Espainiako errekorra hobetzen, eta hortxe-hortxe ibili da". Espainiako errekorra 4,10 metroko jauzia da, eta Maria del Mar Sanchezek dauka, 1998an ezarrita.
Maialen Axpe faboritoen artean zegoen Avilesko finalerako, baina ez zen faborito nagusia. Clara Amat katalana txapeldun jotzen zuten kiniela gehienek, baina azkenean bigarren egin du horrek.
Munduko Txapelketa uztailaren 10etik 15era jokatzen da. Semifinala uztailaren 12an jokatuko du Axpek.
Uribarrenek, 15,05
Real Sociedadeko luzera-jauzilari Iñigo Uribarren ere bikain ibili zen eta 2. postua lortu zuen, 15,05 metroko jauzia eginda. "Marka oso ona egin du", baloratu du Jonathan Perez entrenatzaileak. Mojategin parte-hartze libreko probetan egin zuen marka berdindu zuen, hortaz. Helburu nagusia 15,60 metroko muga gainditzea zen, Munduko Txapelketarako sailkatzeko. Bada, arrasatearrak etzi, eguaztena arte itxoin beharko du han izango den jakiteko, izan ere, egun horretan jakinarazten du Atletismo Federazioak sailkatuen zerrenda.