Lekua eta antolakuntza aldatu dituzte aurten Patximatxin jairako. Zaldibarren barik Musakolako kiroldegian egin zuten jaia zapatuan. Skate parke bat dago han, instalazioen barruan. Arraska skate taldeak antolatzen du jaia eta, hain zuzen, parke bat eskatzea izan zen taldearen sorrerarako arrazoia. Parkea badago, baina hesiak dauzka eta ordaindu egin behar da, eta hori ez da skatezaleen oso gustukoa. Hala ere, Arraskakoak eta Udala elkar ulertzen hasi direla erakusteko modua ere izan da. Hala, Udalarekin antolatu zuten zapatuko festa; hortik, antolakuntza bera ere nobedadea izatea.
Egun osorako plana egin zuten: goizean parke zabaldu eta arratsaldean probak eta musika izan zituzten giroari egun guztian eutsi ahal izateko.
Gune irekia, guztientzat
Urtero, eguna zaleen topaleku izan dadila gura dutela nabarmentzen du Aitor Akizu Arraskako kideak. Musakolako skate parkean egin dute, baina aurreko urteetan Zaldibar izan da ekintzen erdigunea. Arrasaten badaude kalean bertan bestelako gune irekiak, baina parke handi bakarra da Musakolako kirolerako instalazioen barruan dagoena. Kiroldegiak eskaintzen duen beste gune bat da parkea, bere tarifa, ordutegi eta arauekin. Ez da zaleek nahiko luketen planteamendurik onena eta horretan lanean dabiltza, Udalarekin bestelako formuletan pentsatzen.
Zapatuko festan Arrasatekoak bai, eta Bergarako, Beasaingo ala Ordiziako zaleak ere gerturatu zitzaizkien Arraskakoei. Inguruan mugimendua badagoela frogatzen du horrek, Akizuren iritziz. Proba eta jokuak egin zituzten, lehiaketa barik, erakustaldia gehiago izanik; sariak ere banatu zituzten, Nothing Without Arrasateko dendaren kontura. Skatearen inguruan "bizitza handia" dagoela nabarmentzeko balio duela dio Aitor Akizu Arraskako kideak eta halako festarekin –musika eta grafitiak ere izan baitzituzten arratsaldean– kalean bertan erakutsi nahi dute hori.
Goizean parkea zabalik izan zuten gura zuenak modu librean jarduteko eta arratsaldean Spression Sesi, Kill da Spot eta Osito delako proba jokuak egin zituzten. Jolasa eta lehiaketa nahastuta truku eta mugimendu ezberdinak kopiatu eta hobetzea da jolasen helburua. Azkena, Osito delakoa, aurkariaren trukua imitatzea helburu duen prenda jolasa da eta ia izaera ofiziala du halako topaketetan. Akizuk dio maila ona egon zela zapatuan: "Arrasaten maila badagoela" dio, baita "kanpokoen artean ere".
Mikel Aginagalde, Bergarako zalea
Ze planekin etorri zarete? Gu behintzat lasai etorri gara; giroarengatik, gehienbat. Gainera, bero honekin, ezin da askorik estutu. Bergaran ere badago skatearen inguruan mugimendua? Lehen, handiagoa. Trukuzikin dauka izena Bergarako taldeak. Orain dela bi urtetik hona, baina, ez gara hainbeste mugitzen. Ibili gara zerbait egiten hasteko pentsatzen. Hala ere, Bergaran badago Laino parkea ere, eta horrekin nahiko dugu. Zergatik uste duzu gertatu dela? Arrazoia ez dakit; bakoitzak berea izango du. Bergaran, adibidez, ez da hainbeste gaztetxo ibiltzen. Zer iruditu zaizu Musakolako parkea? Ondo dago, baina ordaindu egin behar da eta, gainer,a kaskoarekin etorri beharra dago eta hori ez da agian egokiena. Doakoa beharko luke parkeak. |
Mattin Rozas, Arrasateko zaleaGaztetxoak ere animatu zarete. Nik 15 urte dauzkat baina neu baino gaztetxoagoak diren asko ibiltzen dira. Normalena adin horrekin hastea izan da; gero, utzi egiten dute askok. Txikitatik hasten zarete, beraz? Aldatsetatik belauniko jaisten hasi eta poliki-poliki patinaren kontrola hartzea da. Umetan guztiok hasten gara horrela eta batzuok jarraitu egin dugu. Txikitan, askotan, moda kontua ere izaten da, eta hasi moduan bukatu ere egin ohi dira halakoak. Lehiaketetara aurkeztu izan zara? Ez, ni behintzat herri mailako lehiaketetan besterik ez naiz ibili. Baina planteatu ere ez dut egin. Ez dakit. Arraska moduko taldeak beharrezkoak dira? Antolatzen dituzten ekintzak ondo daude eta, bai, taldea izateak asko laguntzean du jendea ezagutu eta inguruan gertatzen dena jakiteko. |
Aitor Akizu, Arraska taldekoaFestak aldarrikapenetik ere badauka apur bat, ezta? Kiroldegiko skate parkea doakoa eta irekia izan dadila eskatzea ere nahiko genuke, beste leku askotan gertatzen den moduan. Arraska taldetik skate mundua zabaldu eta euskara ere sustatu nahiko genuke. Skatearen inguruan bizitza handia dagoela erakutsi nahi dugu eta hori ere ikus dadila. Jende asko ibiltzen da? Badago bizitza, bai. Arrasate eta Bergaran, adibidez, antolatutako taldeak daude. Maila ona dagoela esan liteke, hortaz? Bai, Arrasaten maila ona dago baina kanpotik datozenak ere egurra emateko prest etortzen dira eta azkenean halako topaketetan gauza ikusgarrietarako aukera ere egoten da. |