Elurzulo horren ezaugarri bat da "oso itxurosoa" dela, Udalakoa baino itxurosoagoa, eta orain berreskuratzea komeni dela "paretaren zati batzuk zartatuta ikusten direlako, eta arrakalak ere badituelako", udal iturriek diotenez.
Hain zuzen, udan egingo dituzte lanok, uztaila-abuztuan. Eta hargin batek egingo ditu, Udalaren helburua delako "lehen izango zukeen itxurarekin berreskuratu". Behin berreskuratuta, edozeinek bisitatu ahalko luke.
Zazpi metroko sakonera eta sei metroko diametroa dauka elurzuloak.
Pasealekua
Elurzuloa berreskuratzea, baina, Kurtzetxiki basorako Arrasateko Udalak duen egitasmo orokorraren zati bat da. ""Ideia da inguru hori balorean jarri behar dugula aisialdi-pasealeku moduan. Batez ere, herritik oso-oso gertu dagoelako. Pentsa, ospitale atzetik bertatik abiatzen da Kurtzetxikira igotzeko bidea, zapatilekin egin daiteke eta mendi erraza da. Eta horrez gainera, herritarrei ezagutarazteko moduko berezko balioak ere baditu, elurzuloaz gainera", adierazi dute.
Artadi garrantzitsua
Horien artean, bertako artadia nabarmendu dute, 40 hektarea dituena. "Oso kuriosoa da. Diputazioko adituen esanetan, kostako eta barnealdeko artadien arteko trantsiziokoa da Kurtzetxikin dagoen hori, eta berez, Euskal Herrian ez dago artadi asko. Artadia berez, babestutako espeziea ere bada"< Hala, asmoa da Kurtzetxiki behar den moduan seinaleztatu, pasealeku moduan indartu, eta "altxorrak" ezagutarazi.