Txorbela otxotea: Suediaren eta Euskal Herriaren arteko zubia

Maider Arregi 2012ko eka. 25a, 02:00

Bi kulturaren arteko topaketa ederra izango da datorren astean Suedian. Euskaldunak eta bikingoak aurrez aurre, euren kultura zabalduz eta uztartuz. "Historia benetan polita da. Txorbelako kide batzuk Donostiako Orfeoiaren bitartez Suediara joan ziren; han harremana, kontaktua egin zuten. Hona etortzeko, haiek ere otxotea sortu zuten, Suedian ez dute-eta horrelako abesbatzarik", kontatu digu Tomas Axpek, Txorbelako kideak.

Stockholmeko operako abesbatzako profesionalek propio osatutako otxotea iaz sanjuanetan izan genuen Arrasaten, Txorbelak antolatuta. "Domekan gu joago gara Suediara. Bi kontzertu emango ditugu: 26an, Visbyko St. Nicolai elizan eta 27an, Stockholmeko St. Jacobs elizan. Gure artean sekulako giroa daukagu, oso pozik gaude, otxoteko partaideez gain, gure lagun minak ere etorriko dira-eta Suediara; ilusioz gaude".

Otxotearen ezaugarrien gainean galdetu diogu Axperi: "Zortzirekin funtzionatzea zaila da; normalean, 11-12 lagunek osatzen dute. Lau ahots motak osatzen dute: baxua, baritonoa eta  lehen eta bigarren mailako tenoreek, hain zuzen".

Euskal kantu tradizionalak dituzte oinarri. "Hemengo kantuekin hasi ginen, baina gure errepertorioa asko zabaldu da. Beste hizkuntza batzuetan ere kantatzen dugu; egun, 80 kantu ditugu", azaldu digu Axpek. Suediarako aukeraketa egitea zaila izan dela dio. "Varangoi abesbatzarekin batera abestu behar ditugu sei bat kantu; horregatik, euskaraz, gaztelaniaz, latinez, suedieraz eta frantsesez ikasi behar izan ditugu kantuak".

Zuzendariek egin dutela aukeraketa azaldu digu: "Elizako errepertorioa, munduko kantuak eta nork bere herrialdeko kantuak eskainiko ditugu". Izan ere, otxoteak horregatik dira ezagunak, bertako kantuak zabaltzeagatik. Hala, bikingoak Boga boga, Maitia nun zira, Azokan, Ai Ama Euskalherria eta Goizeko izarra kantuen olatura igoko dira, Suedia euskaldunagoa eginda. Zuzendari lanetan Jabier Alberdi eta Bo Wannefors arituko dira.

Txorbela, tradizioari eutsiz

"Ezkutuan dagoen abesbatza mota da; bailaran oso gutxi daude. Otxoteak Arrasaten orain dela 40-50 urte puri-purian zeuden.Guk elkartzea erabaki genuen orain dela lau bat urte; lehengo tradizio hori errekuperatu nahi izan genuen hainbat abesti gal ez zitezen", azaldu digu Axpek.Jendeak emandako berotasunarekin harrituta daudela ere kontatu digu: "Oso harrera ona izan dugu, harrituta gaude jendearen erantzunarekin, oso pozik".

-----------------

Mikeli Wannefors (antolatzailea): "Bi kulturaren arteko loturaren erakusle dira zuzenekoak"

Mikeliren aita da Varangoi otxote suediarraren zuzendaria. Euskal Herrian bizi da eta primeran ezagutzen ditu gure ohiturak eta hizkuntza.

Euskal kultura Suedian zabaltzen ari da. Oso polita da hori ikustea. Suediarrek ez zuten ezagutzen otxotea. Gure bi kulturen arteko lotura da. 

Euskaraz egingo dute? Euskaraz eta suediarrez kantatuko dute. San Nikolai eliza garrantzitsua berritu egin dute, eta otxoteen kontzertua estreinaldia izango da.

Errepertorio kuriosoa. Euskarazko ahoskera asko landu dute suediarrek, eta alderantziz. Stockholm hiriburuaren erdian bi hizkuntzak entzuteko irrikaz gaude.

-----------------

Suediako euskal elkartea: Gonbidapena Suedian bizi diren euskaldunei eta euskal elkarteko kideei –60 lagun ingururi– egin diete; Arrasateko Txorbela otxoteak eta Stockholmeko Varangoi otxoteak elkarrekin eskainiko duten bi kontzertuetarako gonbidapenak dira, hain zuzen ere. Visbyn eta Stockholmen bertan izango dira emanaldiak. "Oso berezia eta hunkigarria" izango dela azpimarratu digute bi otxoteetako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak