Entzierroak herriko kaleetan zehar, egunero-egunero

Aketz Zubia 2012ko ekainaren 22a

Urtero bezala, San Juan jaiekin batera, badatoz entzierroak Arrasatera. Udari ongietorria emateko aitzakia aproposa dira Arrasateko jaiak. Denetariko ekitaldiak daude aurreikusita, eta, urtero legez, aurten ere entzierroez disfrutatzeko aukera izango dute arrasatearrek. 

Adituek sarritan adierazi ohi dutenez, Debagoienean betidanik izan da zaletasun handia zezenen inguruan. Eta badirudi gaur egun ere horrela dela. Izan ere, jende askok parte hartzen du entzierroetan eta ikusmin handia sortzen da herritarren artean. Horrenbestez, zezenzaleek aukera bikaina izango dute aurtengo San Juan jaietan ere.

Lehenengo entzierroa ekainaren 24an, domekan, izango da. Zezenak Orozkoko Manzarbeitia ganadutegitik etorriko dira; eta esan beharra dago 350 kilo pisatzera ere hel daitezkeela zezenak. Entzierroa 09:00etan hasiko da eta ibilbidea urteroko bera izango dela adierazi dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, Erdiko kalea, Kanpantorpea, Zerkaosteta eta Laubide kaleetatik igaro ostean, zezen-plazan bukatuko dute entzierroa parte-hartzaileek. Eta entzierroa bukatzerakoan, zezen-plazan bertan, zaleentzako bigantxak aterako dituzte.

Ondorengo egunetarako ere badaude entzierroak aurreikusita: ekainaren 25erako eta 26rako. Iñigo Almortza ganaduzaleak adierazi duenez, "oso giro polita izaten da entzierroetan eta ondoren zezen-plazan. Publikoaren aldetik oso erantzun ona izaten dute honelako ekitaldiek, izugarrizko zaletasuna dago. Zezen-plazarako sarrerak agortu egiten dira". Horrenbestez, argi ibili beharko dute bertaratu nahi dutenek.

Atzerritarrak ere parte

Antolatzaileek zezen-plazan sortzen den giro ona azpimarratu nahi izan dute. Denetariko jendea biltzen da bertan, "goizean goiz jaikitzen direnak eta gaupasan datozenak. Hala ere, mozkorrak gero eta gutxiago dira, animatzen direnen profila aldatu egin da", Almortzaren esanetan. Eta aipatzekoa da atzerritik datorren gero eta jende gehiago animatzen dela zezen-plazara sartu eta parte hartzen. "Adibidez, Arrasaten bada dominikar talde bat zezenen gainetik salto egitera ausartzen dena". 

Errekortadore eskolak

San Juan egunean, ekainaren 24an, goizeko entzierroaz gain, errekortadoreen Euskal Herriko txapelketa jokatuko da, 19:30ean, zezen-plazan. Txapelketan hamabi errekortadorek hartuko dute parte, eta Blas Cruz arrasatearra ere bertan izango da. Ondorengo egunetarako, ekainaren 25erako eta 26rako, gaztetxoentzako errekortadore eskolak antolatu dituzte, 18:30ean, zezen-plazan. Euskal Herriko Errekortadoreak taldeko kideak arituko dira gazteei irakasten. "Gazteek azkar ikasten dute eta animaliak errespetatzen ere irakasten diegu. Badirudi urte askotarako etorkizuna ziurtatuta dugula", dio iñigo Almortza ganaduzaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak