Merke, kantuz eta koadrilan bazkaldu eta afaltzeko moduak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 22a, 14:14

Txartela hemendik eta txartela handik, astindu ederra eman ohi diogu patrikari jaietan eta, hori saihesteko helburuarekin, herri bazkaria era ekonomikoagoan egiteko modua aurkitu dute arrasatearrek; ideia horrekin, eta jendearen parte-hartzea bultzatzeko asmoarekin. Txistulari eta gaitariek proposatu zuten ideia eta 'Zeuk iñ zeuk jan' izena ipini diote ekimenari. Aurtengo nobedadeetako bat da. 

"Orain arte, txartela ordaindu, mahaian eseri eta besteek prestatutakoa jan izan dugu, baina horri buelta eman gura izan diogu. Norberak prestatu dezala bazkaria, koadrila giroan, elkarren arteko pikea sortuz..." dio Kepa Urteaga Kultura eta Jaietako zinegotziak.

Hilaren 25ean, Maisu Aranon izango da bazkaria, 14:30ean, eta han bertan egingo dituzte pres- taketa lanak ere, 12:00etatik aurrera; SUDC elkartea arduratuko da azpiegitura gertatzeaz: gasa, kazuelak, zartaginak... Udalak sagardo kupela jarriko du parte-hartzaileentzat eta azken horien esku egongo da musika, karaokea izango baita bazkalostea arintzeko. "Polita litzateke etxean nahiz elkarteetan bazkaldu ohi dutenak kalean elkartzea; eta aukera aproposa izango da baita ere Eguzki Laruren bueltan eguna umeekin kalean emango duten familientzako ere.

Kantu afaria 22an

Ildo beretik, beste berrikuntza bat ere izango da aurtengo jaietan: kantu afaria, hilaren 22an, 21:00etan, Jose Letona plazan (Goizalde aurrean). Pianoa, biola, gitarra, txistua, soinua eta ahotsa uztartzen dituen taldetxo bat oholtza gainera igo eta euskal kantutegiko piezak joko ditu. Ez da talde profesionala eta eurekin kantuan egitera ahalik eta jende gehien animatzea izango du helburu. Lana errazte aldera, kantu liburuak banatuko dizkiete plazatxora hurbiltzen direnei.

Eta afaria? Antolatzaileek mahaiak eta aulkiak ipiniko dituzte, gura dutenek afaldu edo zerbait hartu dezaten, patxada ederrean, kantuan egiten duten bitartean. Parte hartzeko aski da kanturako gogoa izatea; ez dago ez izena eman beharrik, ezta ezer ordaindu beharrik ere. 

Koadrilen bazkaria 23an

Eskaintza zabaldu arren, San Juan bezperako ohiko koadrilen bazkariak ez du hutsik egingo, eta, itxura guztien arabera, arrakastatsua izango da, gainera: lehen 400 txartelak egun bakarrean saldu zituzten; eta 200 gehiago, beste bitan.

17 eurorekin bazkaria (makarroiak, piper beteak, solomoa, goxua eta edaria) eta Nafarroako konkistaren gaineko kamiseta izango dituzte bertaratuko diren 600 lagunek. Kamisetak jasotzeko: txartelarekin, gaur, gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak