Sanjuanak pareta, lepo eta poltsikoan

Ubane Madera 2012ko eka. 22a, 13:53

Badira aste batzuk Sanjuanetako kartelek koloreztatzen dituztela herriko taberna, saltoki, pareta eta, oro har, puntu gehientsuenak. Justu, horixe izan da Udal Gobernuaren aurtengo erabakietako bat: aspaldiko partez, jaietako kartel iragarlea egin eta herrian ipintzea. "Badira urteak ez zela halakorik egiten. Kartel irabazlea egitarauko azalean bakarrik erabili izan da. Aurten, berriz, handia ere atera dugu", kontatu dute Udaletik. Hain justu, 200 halako banatu dituzte dendari eta bestelakoen artean. Eta berritasun gehiago ere badira aurten: poltsikoko egitarauak, zapiak, pegatinak eta leloa ere atera dituzte.

Zapia, leloa eta pegatinak

Zapiari dagokionez, Arrasateko kolorea (morea) du oinarri eta Sanjuanetan zsu leloa esaldi. Gaur, egubakoitza, jarriko dute salgai. Leloari dagokionez, esandako moduan San Juanetan zsu! esaldia aukeratu dute. Jaietan herritarrek (zuk) duten garrantzia, parte-hartzearen beharra eta sanjuanen irudi den sua azpimarratu nahi izan dute esaldi horrekin. Eta pegatinak ere aterako dituzte lelo berarekin.

Egitaraua, poltsikoan

Eta bukatzeko, poltsikoko egitarauari dagokionez, "jendeak aldean eramateko askoz erosoagoa" dela pentsatuta, halako 10.000 inguru banatu dituzte, etxez etxe. "Betiko egitaraua ere banatu dugu, baina", adierazi dute. 

Lucas Fernandez, kartelaren egilea

Toledotik etorri zaigu aurten Sanjuanetako kartel irabazlea, Lucas Fernandez (Talavera de la Reina, 1977) delineatzailearen eskutik. urrun samarretik etorri arren, baina, Fernandezek ondo asko ezagutzen ditu inguruok, eta hura ere ezaguna da inguruan.

Bestelako lehiaketatan ibilitakoa ere bazara, ezta?

2008-2009an hasi nintzen parte hartzen eta harrezkero nahiko aurkezten ditut inguru hartan.

Eta emaitza onak ere eskuratu izan dituzu...

Bai. Iaz Bilbokoan finalista geratu nintzen, Eibarko inauterietakoa irabazi nuen eta 2010eko Donostiako aste nagusiko kartela nirea izan zen.

Zela iritis da Toledoko bat hemengo kartelak diseinatzera?

Emaztea Ermukoa da, eta ilusioa egiten dit hango lehiaketetan aurkezteak, hari eta haren familiari ilusioa egiten dielako. Horrez gain, EAE eta Nafarroa dira kartel lehiaketa gehien deitzen dutenak.

Inspirazioa zelan eskuratzen duzu jaiak ezagutu barik?

Bada, ondo informatu beharra dago, eta, batez ere, jaian nabarmentzen duten hori irudikatzeko modurik originalena bilatzen ahalegindu behar da. Arrasatekoa kartulinaz egiten den filigranen teknikarekin egin dut. Nik banekien sua elementu garrantzitsua zela, eta dantzarien gainean informazioa bilatu nuen, jantziak, koloreak, tonuak... 

Eskuz eginda dago?

Bai; badut arkitekto lagun bat, Laura Farelo, eskulanetan iaioa dena, eta hark lagundu dit. Nik ideia aurkeztu eta hark materiala prestatu zidan: kartulina tirak batzen dira orratz batekin eta formak sortzen dira. Kartulinak zapaldu eta marrazkia egiten da, eta gero hari argazkia atera eta ordenagailuan sartzen da. Ordenagailuan egin nuen bakarra testua gehitzea izan zen. Oso teknika antzinakoa da kartulinen hori, antzinako Egipto garaikoa. 

Arrasatekoaren ostean, beste asmorik badaukazu?

Zaragozatik abisatu didate bigarren saria irabazi dudala; eta beste bi sari garrantzitsu. bat aurrera nezake: Donostiako aurtengo kartela ere nirea izango da; oso-oso pozik nago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak