San Juan bezperan makala, errementari-dantza eta sua

Txomin Madina Milikua 2012ko eka. 22a, 13:34

Arrasateko jaietan udaletxe inguruan gertatuko den guztiaren testigu izango dena Udalak Elorregin duen lursail baten jaio zen duela 50 urte inguru. 21-22 metro ditu, inklinazio aldetik ahalik eta zuzenena izango da eta jaiak hasi aurreko egunean moztu eta aterako dute orain arte bere bizileku izan denetik.

Sanjuanetan falta ezin den makalaz ari gara. Urteroko eta aspaldiko ohitura da San Juan egunaren bezperako arratsaldean plazan makala jasotzea. 80ko hamarkada erdi ingurutik hona, herriko gazteak arduratzen dira enborra plazara eroan eta altxatzeaz. Arrasateko gazteek, baina, lehenengo aldian Aretxabaletakoen laguntza behar izan zuten, Jorge Zubizarreta eta Alberto Etxeberria arduratu ziren-eta arlo teknikoaz.

Makala jasotzeko polea sistema duela 20 urte inguru asmatu zuen Udaleko aparejadore izandako Manolo Añibarrok, eta gaur egun gazteek Añibarro bera eta Jose Luis Etxeberria Porru izaten dituzte aholkulari makala jasotzeko zereginetan.

Sua eta alkatearen dantza

Makala jaso eta handik ordu batzuetara, errementari-dantzaren doinuek hartuko dituzte Arrasateko kaleak. Hala, Lore Gazteak eta Arrostaitz taldeetako dantzariak kalejiran joango dira plazara, eta Portaloian ingurutxoa egiteko geratuko dira.

Plazara heldutakoan, ingurutxoaz eta polkaz gain, dantzaren atal esperoenetakoa etorriko da: alkatearen dantza, hain zuzen ere. Kukubiltxo taldeak egin eta iaz lehen aldiz erabili zuten dragoiak sua piztutakoan egingo du dantza Inazio Azkarragaurizarrek, milaka herritarren begiradapean. Errementari-dantza amaitutakoan, hala gura duenak suaren gainetik salto egiteko aukera izango du. Betiko ohiturak ez direlako galdu behar...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak