Trikitixa eskolakoek Kulturaten egin izan dute kurtso amaierako jaialdia, baina iaz Amaia antzokian izan zuten arrakasta ikusita aurten ere Amaian egitea erabaki dute.
Trikitixa eta panderoa beste instrumentu batzuekin nahastuta
Modan dauden abestiak joko dituzte, besteak beste Esne Beltza taldearen entzutetsuenak. Trikiti eta pandero doinuak izango dira nagusi, baina beste instrumentu batzuk ere nahastuko dituztela azaldu du Eneritz Urrutia irakasleak. Giro ona eta jairako gogoa ez dira faltako Amaian!
Trikiti eskolaren osasun ona
Trikitixak gurean osasun ona duela azaldu du Urrutiak. Azken urteetan gora egin du Arrasateko trikitixa eskolan izena eman duten ikasle kopuruak. Hiru irakasle dabiltza eskolak ematen: astelehenetik eguenera bitartean ematen dituzte eskolak, 100 bat laguni. Azaldu du trikitixarekin kalean egiten dituzten jaialdien ondoren jende asko joaten dela eskolara izena emateko interesarekin. Eta, gaur egun, gaztetxoen gurasoak ere animatu direla eta ondorioz guraso talde bat dutela eskolan.
Maila guztietako trikitilariak
Arrasateko trikitixa eskolan maila guztietako jendea prestatzen dute. Txapelketetara aurkezten diren bikoteak badituzte, baina baita bazkari, afari edo trikipoteoan ibiltzen diren taldetxoak ere. Kurtso amaierako jaialdiaz gain, trikitixa eguna eta Santamas egunean ere irteten dira trikitilari eta pandero-joleak Arrasateko kaleak girotzera. Gainerakoek dantza egin dezaten astintzen dute eurek hauspoa eta panderoa.