Ahalik eta tapoi gehien biltzeko kanpaina Naiara Agreda ume arrasatearrarendako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 21a

Naiara Agreda zortzi urteko neska arrasatearra da. Garun-paralisia dauka eta gaixotasunak eragiten dizkion beharrak asetu eta haren bizitza eramangarriagoa izan dadin etxean obrak egin behar dituzte. Ateak aldatu eta bainua egokitu, besteak beste. Horrez gain, Naiara herri batetik  bestera mugitzeko autoa ere egokitu beharra dago eta baita harendako aulki berezia berritu ere.  

Bada, inbertsio horietan guztietan laguntza jasotzeko Naiararen senideek tapoi bilketa kanpainari ekin zioten ekain hasieran: "Naiararekin batera Aspace-n dagoen Eskoriatzako mutil bat kanpaina horrekin zebilela enteratu ginen. Printzipioz kanpaina hori ekainean amaitu behar zen baina oraindik luze joko duenez ekainean gu ere hastea erabaki genuen. Horrela hasi zen dena", adierazi du Almudena Vieco Naiararen amak.

Prozesu luzea

Kanpaina hasi berri denez, oraindik tapoi gutxi jaso dituztela dio amak, baina denbora tarte labur honetan arrasatearrek erakutsi duten inplikazioa eskertu gura izan du: "Halako elkartasun kanpainak geldo doazen prozesuak dira baina noski, ezin dugu prisarik sartu. Hainbat denda, taberna eta enpresek parte hartu dute orain arte; adierazitako elkartasunagatik, eskerrik asko".

Izan ere, tapoi tona bakoitzagatik gutxi gorabehera 210 euro ematen dituztela adierazi du Viecok: "Lan handia dago aurretik baina denon laguntzarekin lortuko dugu Naiararen bizitza errazagoa izatea".

Udalaren parte hartzea
Horrez gain, amak Udalak erakutsitako elkartasuna ere eskertu gura du: "Bildu ahala tapoiak uzten joateko lekua egin digute Zerrajerako bulego zaharretan; Udalaren laguntza ere eskertu gura dugu". Hala, Biztanleen Arreta Zerbitzuan eta Udal azokan ere bilketa puntuak daude.
Tapoi bilketa taberna, denda, enpresa, ospitale, elkarte gastronomiko eta eskoletan egiten dabiltza eta norbanako batzuk ere inplikatu dira.

Tona asko behar dira

Ahalik eta herritar zein elkarte gehienen laguntza jasotzea beharrezkoa izango da, senideek diotenez, tona asko behar dira-eta Naiarak behar duen guztia lortzeko.

Lagundu gura dutenei plastikozko denetariko tapoiak gorde eta BAZ, Udal azoka edo Naiararen argazkia duten dendetara eramateko eskatu dute senideek: "Norbaitek kasualitatez ezin baditu tapoiak edozein bilketa puntutara eraman telefonoz deitu eta gu joango gara jasotzera", gaineratu dute. Honakoak dira telefonoak: 657 790 599 edo 943 77 31 38. Norberaren laguntzaz gain, elkartasun mezua ahoz aho zabaltzea oso garrantzitsua dela diote kanpaina abiarazi dutenek: "Ziur ezagutzen dituzuela lagunak, senideak edota bizilagunak Naiarari laguntzeko prest egongo direnak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak