"Lehia horretan iaz hasi ginen. 22 komertziok eman genuen izena, eta aurretik beste sei zeuden. Arrakasta handia izan dugu; izan ere, 21 komertziok jaso dugu UNE ziurtagiria, eta beste seik bigarren mailako ziurtagiria jaso dute", jakinarazi du Jesus Mari Elkoro Ibai Arteko kideak.
Eta gaineratu du aurreko urtetik hasita beste sei saltokik bikaintasunerako prozesuan dihardutela, Q Urdina eskuratzeko nahian, hain zuzen ere.
Herritarrei zerbitzu ona
Elkorok nabarmendu du Arrasateko dendarien elkarteak gogor diharduela herritarrei ahalik eta zerbitzu onena emateko asmoarekin lanean, eta hain justu, orain eskuratu duten kalitate ziurtagiri horren atzetik urtebeteko lana dagoela.
2012koan parte hartzeko deia
Azpimarratu du euren asmoa dela, gainera, bide beretik segitzea; eta ildo horretan, dagoeneko 2012ko kalitate ziurtagiria lortzeko deialdia zabaldu dute herriko komertzioen artean.