Ardantzak dio Felipe Gonzalez, orduko Espainiako Gobernuko presidenteak, oso arduratuta eman ziola informazio hori atentatua gertatu eta berehala. Espainiako armadako militar buru batzuek, Espainiako gobernu buruen "autoritate ezaren" aurrean, esku-hartzea beharrezko jo zuten.
"Militarrek ikusi zuten jendarte zati bat Estatuaren aurka gogor ziharduela eta Espainiako gobernua ahula zela eta ekimen armatu horien aurrean erantzun ezinda zebilela" esan du. "Egoera geroago eta delikatuagoa zen: atentatuak nonahi eta bortizkeria horri ezin aurre eginda" esan du Ardantzak.
Inflexio puntua
Hipercorreko atentatuak "kontrako erreakzio asko eragin zituen, baita ETAren hurbilekoen artean edo diktaduraren aurka borrokatu zen ETA hura mitifikatuta zutenen artean" esan du lehendakari ohiak. Eta atentatu hura ETAren jardunarekiko inflexio puntu bat izan zela.
ETAk Bartzelonan egindako atentatu hark 21 hildako (lau ume) eta 45 zauritu eragin zituen. Txema Monterok (HB), Europako parlamenturako hauteskundeetan, Katalunian bakarrik, 40.000 boto lortu eta gutxira gertatu zen. Ezker abertzalean, zatiketa eragin zuen ETAren ekintza armatu hark.