Jose Uribesalgo hil da

Ubane Madera 2012ko ekainaren 19a

Jose Uribesalgo arrasatearra (Bedoñako Elorrixa baserria, 1932) atzo, astelehena, hil zen Angelun (Lapurdi), 80 urterekin. Frankismoaren kontra, besteak beste, 2002an Debagoineko Fusilatuen Batzordea bultzatzeko jardundakoa da. 1961ean erbesteratu zen, Xabier Arizabaletarekin batera. Geroago, Juan Jose Etxabe, Edur Arregi eta Jon Ozaetarekin batera Iparraldera joan zen.

Izan ere, 1959an Euskadi ta Askatasunako kide sartu zen. "Gipuzkoa osoan pintadak eta ikurriak ipintzen, errekete soldadu ohien trena saboteatu ostean egon ziren erorketekin, Guardia Zibilak atzetik ibili zitzaizkion eta orduantxe erbesteratu zen", kontatu du Debagoieneko Fusilatuen Batzordeko kide Juan Ramon Garaik.

Biografia apur bat

Garaik Uribesalgoren biografia ere jakinarazi gura izan du: "Aita, Dionisio Uribesalgo, faxistek fusilatu zuten Oiartzunen, eta haren emaztea alargun utzi zuen 10 seme-alabarekin".

Jose Uribesalgo bera 13 urterekin lanean hasi zen Alejandro Altuna enpresan; eta 1949an, Feliciano Aranzabalen. "Falangekoek behartzen zuten falangera joatera eta, joateari uko egin zionez, multa jarri zioten. Solidarioetan dirua jasotzen zuen presoentzat. Besaide Mendi Taldean buru-belarri ibili zen; lehenengo batzordeko kide izan zen".

Argentinako kereilan lanean

"2002az geroztik, hamar urteotan zenbat aldiz kaleratu garen egia, justizia, kalte ordaina eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea eskatzen frankismoaren biktimentzat. Aurreko egunean berarekin ibili nintzen berbetan Argentinako kereilari buruz. Berue, 4591-10 prestatzen hasi zen. Gogoa eta izugarrizko ilusioa izan arren, gaixotasunak ez dio amaitzen utzi".

Eta bukatzeko, mezu bat bidali gura izan dio: "Joxe, kereila aurrera doa eta ez gara geldituko frankismoa eta bere ordezkoak auziperatu arte. Zure irribarre eta indarrarekin jarraituko dugu".

Hileta elizkizuna eguenean

Familiak jakinarazi duenez, hileta elizkizuna Angelu St Joseph Blancpignoneko elizan izango da, eguenean, ekainak 21, 16:00etan. Bisitak Baionako tanatorioan, Mozart gela, izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak