"Orain arte, txartela ordaindu, mahaian eseri eta besteek prestatutakoa jan izan dugu, baina horri buelta eman gura izan diogu. Norberak prestatu dezala bazkaria, koadrila giroan, elkarren arteko pikea sortuz..." esan digu Kepa Urteaga Kultura eta Jaietako zinegotziak.
Hilaren 25ean, Maisu Aranon
Hilaren 25ean, astelehena, Maisu Aranon izango da bazkaria, 14:30ean, eta han bertan egingo dituzte prestaketa lanak ere, 12:00etatik aurrera. SUDC elkartea arduratuko da azpiegitura gertatzeaz –gasa, kazuelak, zartaginak...–; Udalak sagardo kupela jarriko du parte-hartzaileentzat; eta azken horien esku egongo da musika, karaokea izango baita bazkalostea arintzeko. "Polita litzateke etxean nahiz elkarteetan bazkaldu ohi dutenak kalean elkartzea; eta aukera aproposa izango da baita ere Eguzki Laruren bueltan eguna umeekin kalean emango duten familientzako ere".
Izenematearen garrantzia
Antolatzaileek izena ematearen garrantzia azpimarratu dute, horren arabera, aulki eta mahai gehiago edo gutxiago jarri beharko dituztelako eta bazkaria prestatzeko azpiegitura ere jende gehiago edo gutxiagorentzako ipini beharko dutelako.
BAZen eman behar da izena hilaren 22a baino lehen, barikua. Izen bat eman behar da eta harekin zenbat laguneko koadrila joango den bazkaltzera zehaztu; hori bakarrik ez, otordua bertan prestatuko den edo ez ere argitu behar da.