"Ospitale berrian espezialitate berriak izango dira eta, beraz, debagoiendarrek ez dute Gasteizera joan beharrik izango. Bizi kalitateak hobera egingo du, bailaran bertan arreta medikua areagotu egingo delako", diote PSE-EEtik. Eta ospitale berria errealitate bihurtzeko Blanca Roncal parlamentari arrasatearrak Osasun Batzordean egindako lana azpimarratu dute: "Aurreko legealdian, Osakidetza EAJk kudeatzen zuen garaian, ospitale hau egiteko ideia ez zen sartzen jeltzaleen asmoen artean. Proiektu hau sozialisten aspaldiko eskakizun bat da". "Are gehiago, ospitale hau aitzindari izango bada erditze naturalei dagokienean, hori Roncali esker da", gehitu dute, eta hori bertako emakumeentzat "erakargarri" izan ez ezik, erditze medikalizatu bat nahi ez duten beste zonalde batzuetako emakumeentzat ere "erreferente" izango da.
Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak egindako lana goraipatu dute: "Ekonomikoki garai zailak bizi ditugun arren eta beste erkidego batzutan osasunaren esparruan murrizketak egiten ari diren bitartean, Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa bete du, beste behin, osasun publikoaren alde eta ospitale berri honen eraikitzea bultzatu du".