Bitter Honey: "Abestiak sortzeko orduan ez dugu mugarik ezartzen, hori gure filosofiaren aurka doa"

Ander Monedero 2012ko eka. 20a, 02:00

Ekainaren 8an aurkeztu zuen Bitter Honeyk Symbolized izeneko lana Arrasateko Iluntz tabernan. Talde arrasatearra abesti berriak zuzenean aurkezteko irrikan dago, eta hurrengo kontzertua ekainaren 29an Eskoriatzan izango da.

Aurreko diskoarekin alderatuta, zer du berria oraingo lanak?

Arlo guztietan hobekuntza nabarmenak egin ditugu. Bigarren disko honetan, lehenengoa egiterakoan aldatu nahi izango genituen gauza guztiak hobetu ditugu. Lehen diskoarekin taldearen nortasunaren bilatu genuen; orain, estilo hori garatu egin dugu. Lan helduagoa da Symbolized.

Songs Of Love & Destruction-en soinuak The Cult-en hasierakoa du, eta bigarren diskoan, berriz, Led Zeppelin bezalako taldeen estiloko riffak dira nagusi.

Bi talde horiek guretzako inspirazioa dira, baina baita beste talde asko ere. Pozgarria da gure musika entzuterakoan talde horietaz gogoratzea.

Traveller Song da zuen hit berria, zaleek abesteko moduko abestia. Zertaz hitz egiten du abestiak? 

Guretzat, Traveler Song oso abesti berezia da, handia, zabala, ahotsaren melodia eta musika asko landu dugu. Ordu asko eskaini dizkiogu, baina emaitzak merezi izan du. Ispiritu bidaiari eta abenturazale guztiei eskainitako abestia da.

Ronnie James Dioren omenez Devil Horns abestia egin duzue. Zergatik? Zuen abesteko eran eragina du?

Dioren abesteko era iraultza izan zen; gainera, rockaren munduan oso pertsonaia maitatua da. 2010ean hil zenean, omenaldi bat egitea pentsatu genuen. Diok Black Sabbath taldean abestu zuen garaian oinarrituta Devil Horns (Deabru adarrak, hark bilakatu zuen ikono) konposatu genuen, eta hitzak garai hartan idatzi zituen abestietan oinarritzen dira. Abesti iluna da, baina sentimenduz betea.

Bederatzi abesti, guztiak ere lau minututik gorakoak... Kasualitatea, ala abesti luzeak egitea gustuko duzue?

Abestiak sortzeko orduan ez ditugu mugak ezartzen, hori gure filosofiaren aurka doa, abestien iraupena kantuak berak zehaztu behar du. Arlo istrumentalaren eta bokalaren arteko oreka ona baldin bada, abesti luze bat motz bilaka daiteke... hor dituzu Free Bird edo Stairway To Heaven.

Bigarren lan honekin taldea musikalki hazi egin dela uste duzue?

Bai, maila guztietan.

Zergatik Symbolized izena? Led Zeppelini omenaldia da?

Egia esan, diseinua bukatuta ikusi arte ez geneukan garbi zein izango zen izena. Sinbolismoz beteriko diseinua da, hortik Symbolized izena. Led Zeppelin taldearen laugarren diskoak, izenik gabekoak, azalean lau ikur ditu, eta, horregatik, Four Symbols moduan ezagutzen da... modu batera, omenaldia ere bada.

Banaketa tradizionalaz aparte, diskoak hedapen digitala du. Zergatik? Ekonomia, publikoarengana heltzeko erraztasuna... Gaur egun tabernetan Spotify bitartez jartzen da musika...

Bizi garen garaian, Spotify bezalako plataforma digitalek duten hazkundea aprobetxatzea ezinbestekoa da. Gure musika mundu osoaren eskura jartzeko aukera da; formatu fisikoan argitaratzea zerbait ia erromantiko bilakatu da... Hala ere, deskarga digitala  formatu fisikoak duen xarmarekin ezin da alderatu.

Diskoa zuek ekoiztu eta kaleratu duzue. Nola dago gaur egungo rock merkatua? Zigiluak topatzea zaila da? Ala banaketa digitalek, gaur egun, diskoetxeek baino aukera zabalagoak eskaintzen dituzte?

Gaur egun, lehengo rock merkatua desagertu egin da, gelditzen diren diskoetxe handiek talde handiekin lan egiten dute eta gainontzekoak management agentzia moduan funtzionatzera pasatu dira. Zigilu bila denbora galtzen ibili beharrean, deskarga digital bidezko hedabide guztietara igotzea erabaki dugu. Internet bidez promozioa egiten ari gara, sare sozialak duten ahalmenaz baliatuz, eta musika aldizkari digitaletan banner-ak jarri ditugu. Hala, zigiluek gure berri izateko aukera gehiago dituzte.

Bi urtean behin lan bat kaleratu duzue. Abestiak egin, grabatu eta zuzenean aurkezteko tarte egokia dela uste duzue?

Kasualitate hutsa izan da. Ondo legoke erritmo honetan jarraitu ahal izatea!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak