San Juan jaietarako motorrak berotu dituzte asteburuan arrasatearrek

Arritxu Barruso 2012ko ekainaren 18a

Datorren asteburua izan daitekeenaren aurrekari "txikia" izan da oraingo hau Arrasaten. Sanjuanen atarian ohi denez, txikitxoenek izan dute Sanjuanetako  giltz nagusia zapatuan eta gaur; danborrada oso ondo joan zen eta Haur Dantzarien Egunak ere zapore ona utzi du herrian. Dena dela, txikitxoenak bakarrik ez,nagusiagoek ere izan dute motorrak berotzeko aukera aste buru honetan. Sorgin gaua, Mary Mey eta Governorsen kontzertuak, bertso saioa... Denetarik eta denendako. 

AEDk antolatuta egubakoitzean bertso doinuek hartu zuten Arrasateko Monterron parkea. Julio Soto, Aitor Sarriegi, Jone Uria eta Uxue Alberdik saio dibertigarria egin zuten, bertso gehienetan umoretik jotzen.

Sanjuan suarekin ezinbesteko lotura duten sorginak erakartzeko Emakume Txokoaren Sorgin gau koloretsua izan zen zapatu gauean Monterronen, akrobazia eta guzti.

Haren ostean, Governors Arrasateko talde indartsuaren doinuak eta Mery Mey gazte arrasatearraren gozotasuna zabaldu ziren Herriko plazan.

Arratsaldean berriz, bestelako zaletasunak erakarri zituen Batzokira karta jokoak, eta "giro apartean" jokatu zuten Sanjuanetako mus txapelketa. Irabazleak: Rico anaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak