Haurren Danborrada: laino arteko eguzki izpia

Ubane Madera 2012ko ekainaren 17a

Gurasoak zeruari begira eta haurrak eta gazteak, berriz, danborrei edo barrilei danbaka ezinegonean zeudela, etxafuegoaren danbatekoarekin bat abiatu zen aurtengo Haurren Danborrada Nafarroa etorbidetik. Herriko plazarako bidean pasilloa egin zieten guraso, senide, lagun eta herritarrek, tarteka botatzen zuen lanbroari jaramon egin barik. "Karrozako txikitxoak kontatuta, azkenean 250 neska-mutiko etorri dira", kontatu zuen pozik Egidazu SUDC elkarteko ordezkariak. 

Hotel Mondragonen aurrean egin zuten aurreneko geldialdia 250 neska-mutikoek, guztiek batera jotzeko. Bien bitartean, txikitxoenek karrozatik botatzen zituzten gozokiek bat egiten zuten zerutik jausten zen euri langarrarekin, ume eta nagusi askoren gozamenerako. Hala ere, gozamenik handiena danborrada adi-adi begiratzen zuten gurasoen artean atzematen zen. 

Jendez gainezka zegoen Garibai etorbiderantz egin zuten gero, handik Maalarako bidea hartu eta Maalan bigarren geldialdia egiteko. Kantuak jo, ur apur bat edan, eta tradizioak agintzen duen moduan, Herriko plazan bukatu zuten aurtengo jarduna herriko txikitxoenek.

Eurek egin dute egin beharrekoa, orain nagusiei pasa diete lekukoa. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak