EAJ: "Planifikazio eza, inprobisazioa eta lidergo falta nabarmena ikusi dugu"
EAJk uste du Udal gobernuaren gehiengo absolutuaren erabilera ez dela egokia izan. Gainera, Arrasatek "egoera zail honetan aurrera egiteko kooperazioaren premia" duela azpimarratu dute: "Halaber, Gobernuak ez du inolako kooperaziorik bultzatu Udalean dauden beste alderdiekin erabaki bateratuak hartzeko".
Hainbat arazotarako plan bat eskatu dute: 1.400 langabetuak, zirkulazioa hobeto kudeatzea puntu beltzetan, kaleko zikinkeria, Laubideko aparkalekuak –ospitale inguruko akordioa txalotu dute– eta Iturbide egoitza "txiki" geratu izana, besteak beste.
Udalaren egoera orokorraren gaineko analisi eta diagnostikorik ez dela egin ere salatu dute eta hori guztia kontuan hartuta honakoa diote: "Planifikazio eza, gainontzeko talde politikoen parte hartzea beharrean inprobisazioa, eta lidergo falta nabarmena ikusi dugu".
PSE-EE: "Zero bat ematen diogu lehen urteari, ez dute proiekturik gauzatu"
Aritz Arrieta alderdi sozialistako bozeramaileak gogor salatu du Udal gobernuaren orain arteko jarduna: "Zero bat izan da, ez dute oraindik proiekturik gauzatu". Alkatearen lidergoa falta azpimarratu eta egoera ekonomikoari aurre egiteko zein enplegua sustatzeko ekintza falta ere azpimarratu du Arrietak.
Atez atekoari buruz dio Bilduk oposizioari ezer informatu barik aurreratu duela proiektua eta esan du herritarrendako sistema garestiagoa izango dela: "Ez dute zuzenean zaborraren zerga igoko, baina ikusi dugu aurtengo aurrekontuan igo egin dela Mankomunitateari egiten zaion ekarpena; Mankomunitatea da atez ateko zerbitzuaz arduratuko dena".
Sozialistek jarrera proaktiboa dutela ere esan du Arrietak, eta iragarri du mozioen bidez euren programako neurri eta proposamenak aurkeztuko dituztela.