Bezperaren bezperatik hilaren 25era arte, egitarau zabala prestatu du Arrasateko Txosna batzordeak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 14a

Sanjuanetako Txosna batzordeak aurkeztu du jaietako egitaraua. Jon Arizmendi eta Josu Beltran batzordeko kideek eman dute hilaren 22tik 25era arte prestatu duten egitarauaren berri. Nobedadeen artean, Txosnagunean jaiak egun bat aurreratuko direla eta hilaren 25eko 'Zeuk iñ, zeuk jan' koadrilen arteko bazkaria nabarmendu dituzte. Kontzertuei dagokienez, Txosnaguneko bi jaialdi nabarmendu dituzte: hilaren 22an, Los Cretinos, Itziarren Semeak eta Bongo Botrako taldeen kontzertua eta hilaren 25eko Drop!, Egurra eta Kitto eta Betagarri taldeen kontzertuak.

Era berean, koadrilendako egun handia den San Juan bezpera indartsu datorrela gaineratu dute. 600 txartel saldu dira di-da batean Uarkape pilotalekuko herri bazkarirako; egitarautik ez dute ezer aldatu: "Ez du merezi ondo funtzionatzen duen egun bat aldatzea", adierazi du Jon Arizmendik.

Jaiei hasiera, eskubaloi taldeak

Txosna batzordeko kideek aurreratu dutenez, aurten txupinazoa Ford Mugarri eskubaloi taldeko jokalariek botako dute: "Igo ez arren, oso denboraldi ona egin dute eta euren lana txalotu gura dugu". 12:00etan izango da, Txosnagunean.

'Zeuk iñ, zeuk jan'

Ekintzen artean, Zeuk iñ, zeuk jan koadrilendako bazkaria da aurtengo nobedade nagusia: "Norberak sukaldatzeko lehengaiak eraman beharko ditu eta antolatzaileok arduratuko gara tresneria eramateaz", esan du Josu Beltranek. Bazkarian parte hartuko dutenen aurreikuspena egiteko BAZen eta oraindik zehazteke dituzten taberna batzuetan jarriko dituzte bi zerrenda: bata, parte hartzaile kopurua jakiteko eta bestea, sukaldatzeko materialaren eskaera egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak