Musakolako sarrera itxiko dute sei hilabetez Axerikoa zubiko obrak direla-eta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 14a

Axeriko zubiko obrak, San Isidroko ermitaren ondoan, maiatzaren 25ean hasi ziren. Bada, Udalak jakinarazi berri du, "beharrezkoa denean", Musakolako sarrera moztu egin beharko dela eta oinezkoen, garraio publikoaren zein autoen zirkulazioa bideratzeko aldaketak iragarri ditu. Aurreikusten da obra horien eraginez Musakolako sarrera sei bat hilabetez itxita egongo dela eta "ahalik eta epe txikienean" itxita izateko saiakera egingo duela dio Udalak.

Bidea moztuta eta "behar-beharrezkoa" den momentura arte errepidea ez da itxiko. Arrazoi horregatik ez dago oraindik data finkoa jarrita. Eusko Jaurlaritzako ur agentziak sustatu ditu lanak eta Construcciones Murias enpresa ari da lanak egiten.

Musakolako sarrera itxi behar izateak honako eragina izango du zirkulazioan:

Oinezkoen zirkulazioa: Eroskirako bidea egin beharko da Mojategi ondoko egurrezko zubitik, Arruena parketik beharrean.

Garraio publikoa:

Herri artekoa: Musakolatik sartu eta irteten diren autobusak Osinako zubitik sartu-irten beharko dira errepide nagusira (GI-627). Ondorioz, atzerapenak egon daitezke ordutegietan eta Musakolako geralekuaren inguruan ere aldaketak egon daitezke.

Egoera honen aurrean zer egingo den jakiteko,  Udala kontaktuan jarri da herri arteko autobusen ardura dutenekin: PESA-Lurraldebusekin, Bizkaibusekin, Hermanos Arriagarekin eta Autonomi Erkidegoko hiru Foru Aldundiko Garraio sailekin. Bidea mozten denean autobus konpainia bakoitzak bere webgunean informatuko du ordutegien inguruan eta autobus geralekuetan egon daitezkeen aldaketei buruz. PESAk, esaterako, Musakolako geralekua ez erabiltzea erabaki du bideak moztuta dagoen bitartean. 

Hiri busa (urbanoa): Geraleku guztietan geldituko da autobusa eta geralekuak beren betiko lekuan mantenduko dira. Hala ere, ibilbidean moldaketa txiki bat egin beharko da: Autobusak, Musakolatik sartu eta irteteko, Osinako zubitik sartu-irten beharko dira errepide nagusira. Horregatik, geltoki batzuetan atzerapena egon daiteke  ordutegian. Geltoki guztietan ohar bat jarriko da honen inguruan informatzeko.

Autoen zirkulazioa: Musakolakoa itxita egongo denez, gainontzeko sarrera-irteerak erabili beharko dira: Osinakoa, Takolokoa eta Mugarrietakoa –azken hori bikoitza da: bat San Andres auzora eta, bestea, tuneletik Uribarri eta Erguin aldera joateko–. Kiroldegira doazenak, adibidez, orain arteko ibilbidea egin ahalko dute, hau da, San Isidroko ermitaren parean ezkerrera egin ahalko da.

Neurri zuzentzaileak pilaketak saihesteko

Egoera dela eta, Osinako bidegurutzean trafiko asko pilatuko denez, neurri zuzentzaile bat hartzea aurreikusi da: Aretxabaletatik datozenak Osina aldera ezingo dira sartu egun sartzen diren lekutik. Kaskonategiko biribilgunera (Eroskikoa) joan beharko dira eta bertan buelta hartuta sartuko dira Osina aldera.

Udaltzaingoaren laguntzarekin

Dena den, lehen esan bezala, aldaketa hauek eman aurretik Udalak garaiz jakinaraziko du. Lehenengo egunetan, arazo gehien sortu litezkeen guneetan, udaltzaingoa egongo da herritarrei laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak