Danborren azken isilunea, zapatuan etengabe jardun aurretik

Ubane Madera 2012ko ekainaren 14a

Bederatzi konpainia eta 225 neska-mutiko elkartuko dira zapatuan Nafarroa etorbidean 18:00etan, prestatu eta ordubetera plazarako bidea hartzeko. Nafarroa etorbidea-Hotel Mondragon-Garibai-Maala-Portaloia-Herriko plaza ibilbidea egingo dute. Eta plazan bukatuko dute Haurren Danborrada, ekitaldi nagusiarekin, banderadunak udaletxeko balkoian zaindari eta herritarrak eta gurasoak plazaren bueltan adi-adi begira dituzten bitartean. 

"Nerbioso ikusten dira" etxeko txikienak,baina pieza guztiak "ondo" dakizkite, eta "urduritasunak pasa egingo zaizkie. Denak ondo irtengo du, eguraldiak laguntzen badu", dio Juan Luis Arkauzek, SUDC elkarteko presidenteak Haurren Danborradari begira.

Azkeneko entsegua

Hala eta guztiz ere, azkeneko entsegua zapatu goizean bertan egingo dute; "txikienak, norbere danborrarekin jarduten dutenak, guztiak etortzea komeni da, bakoitzari zapi bat emango diegulako danborradarako" jakinarazi du Arkauzek.

Eta hortik aurrera, danborrari eragin eta Sarriegiren doinuak barreiatzen lehenak izango da Arrasateko "harrobia", zapatuan, 19:00etan.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak