Jatorri askotariko jakiak dastatzeko aukera bihar, ekaineko baserritarren azokan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 15a

Zapatuan, hilak 16, egingo da ekaineko baserritarren azoka eta Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomikorako sailak sustatzen dituen ohiko postuez gain, Bagara herrigintza elkartearen eskutik jatorri ezberdinetako jakiez osatutako kultura arteko sukaldaritza erakustaldi eta dastatzeaz gozatzeko aukera egongo da Seber Altube plazan, 09:00etatik 14:00etara.

Ekaineko azokako berritasuna Bagara elkartearen eskutik dator, beraz. Honakoa da helburua: "Azoka biziberritzeko prozesuaren baitan, Arrasaten bizi diren jatorri desberdinetako etorkinen partaidetza sustatzeko, euren ekarpenak plazaratzeko eta bertako produktuen azoka berezia ezagutzera emateko".  Zehazki, Pakistan, Venezuela-Kolonbia, Brasil eta Saharako janariak dastatu ahalko dira zapatuko azokan.

Ohiko postuak eta postu berriak

Postu berriak zein ohiko postuak izango dira. Arrasate eta inguruko baserrietako denboraldiko produktuak, baseriko ogia, gazta eta abar, denetariko produktu ekologikoak –haragia, barazkiak, ahuntz, behi eta ardi gazta, ogia,  ardoa...–, Iparraldeko ahatearen eratorriak –foie, magret…–, mermeladak, arrautzak, berduren kontserbak, gozogintza, bidezko merkataritzako produktuak…  Guztira 15 postu. 

Horien artean,  ohikoak ahaztu barik, etorri berriei aipamen berezia egin gura die Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomikorako sailak: Jakion, Harreman, Goiuri Gozogintza (Izarra), Arimasagastiberri (Idiazabal), Biourkizu (Zestoa) eta Arnabar (Behe-Nafarroa).

Zozketak hutsik ez

Eta azoka amaieran, beti moduan, baserriko produktu sortaren zozketa egingo da bertatik pasatako erosleen artean. "Ea zuri egokitzen zaizun  oraingoan!", adierazi dute antolatzaileek, gonbita egiteaz batera: "Azoka eta gehiago, beraz, zapatuan goiz partean Seber Altube plazan. Hurbildu eta gozatu, eta bide batez, gure baserritarren produktuek eta ekoizpen sistemek aurrera egin dezaten lagundu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak