Arrasateko Udal gobernua, "pozik" lehen urteak eman duenarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 12a

Gaur urtebete bete da agintaldi berriko Udal gobernua eratu zenetik eta urteurren borobila aprobetxatu dute Bildu eta Aralarreko zinegotzi guztiek osoko bilkuren aretoan batu eta lehen urtearen gaineko balorazioa egiteko. Udal gobernua "pozik" dago lehen urteko jardunarekin, orokorrean. 

Inazio Azkarragaurizar alkateak azpimarratu du, besteak beste, gehiengo absolutua izan arren ibilbide eta ideologia ezberdineko pertsonak batuta dabiltzala lanean, "denontzat etorkizun hobea ekarriko duten proiektuak lantzen eta jorratzen". Gaineratu du, "konbentzimendu osoz", udal gobernu hau "irekia" dela eta "elkarlanerako prest" dagoela. 

Alkateaz gain, Amaia Larrañaga Ongizate zinegotziak ere hartu du hitza. Legealdi hasieratik esan zutena berretsi du Larrañagak, hau da, ongizatea lehentasuna izango dela Udalarendako: "Gobernu honen lehentasuna da herritarrei laguntza eskaintzea eta dituzten beharrei erantzutea eta horregatik, ziurtasunez esan genuen ongizate sailean ez genuela murrizketarik egingo". 

Udalak, "herritarren beharra"

Iraia Sola bozeramaileak parte hartzearen garrantzia azpimarratu du: "Erabaki guztiak hartzeko ardura Udalarengan delegatzeko ohitura aldatu behar da eta horretarako denok ikasi beharko dugu elkarrekin lan egiten; heziketa prozesu aberasgarri bat izango da. Azken finean, parte hartzeaz lortuko dugu dauzkagun baliabideak ahalik eta modu onenean eta justuenean erabiltzea". 
 
Horren harira, orain arte gauzatu diren –hondakinen kudeaketaren inguruko aholku kontseilua eta San Juan jaiak antolatzeko prozesu parte hartzailea– eta garatzen doazen parte hartze esperientziak –HAPOrako aholku kontseilua, Elkarlan hitzarmenaren parte hartze prozesua eta azoka biziberritzeko plana– aipatu ditu eta horien guztien ibilbidearen gaineko balorazio positiboa egin du. 

Atez atekoa dela-eta, lasaitasun mezua

Azkenik, Josu Pereda ingurumen zinegotziak hartu du hitza eta nola ez, atez ateko hondakinen kudeaketa sistema izan du hizpide. Lasaitasun mezua bidali gura izan die herritarrei, besteak beste: "Aldaketa denek  bezalaxe, hasieran sor dezaketen ardura hori desagertuko delako erabiltzen hasi eta sistemaren sinpletasun eta erraztasuna nabaritzen dugunean", adierazi du. 
 
Gogoratu biharko osoko bilkuran bozkatuko dela atez atekoa ezartzea; 18:00etan hasiko da. Bildu eta Aralarren aldeko botoekin sistema onartzea espero da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak