40 lagun inguru joan dira Mansilla kartzelara, autobusez. Hara ailegatutakoan, kartzelako zuzendaritzarekin batzeko ahalegina egin dute Inazio Azkarraga-Urizar alkateak eta Bilduko zinegotzi batzuk, baina ezezkoa jaso dute. Hori horrela, preso arrasatearraren askatasuna eskatzen duen gutun bat utzi die.
Kartzelaren kanpoko aldean egindako denboran, "zarata ugari" atera dutela kontatu digu ekitaldia antolatu duen Herrira ekimeneko Gaizka Azkaratek: "Traka, etxafuego, musika… zarata dezente atera dugu, eta Josuk ikusi ezin izan bagaitu ere, seguru entzun gaituela".
Gaurko, zapatua, antolatutako mobilizazioen bitartez, "Josu Uribetxeberriak eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainerako euskal presoek kalean egon behar dutela" eskatu gura izan du Herrirak: Uribetxeberriak minbizia dauka. Eskakizun horri atxikimendua adierazi zioten Arrasateko Udalean ordezkatuta dauden Bildu, EAJ eta Aralarreko zinegotziek ere.