2011ko Nafarroaren Egunerako prestatutako ekitaldia da Arrasaten gaur taularatuko dutena. Besteak beste, Ken Zazpiren Olatuz olatu, Ilargia edo Zapalduen olerkia, Xabier Leteren Ni naiz, Mikel Laboaren Izarren hautsa, Manolo Espeletaren Maitia nun zira abestiak entzungo ditugu gaur gaueko emanaldian.
Bada, kantari eta musikari askok hartuko dute parte, eta baita Goikobalu Gazte eta Goikobalu Txiki Arrasateko abesbatzak ere.
Emanaldi hori lehenengo aldiz Baigorrin egin zuten, Et Incarnatus orkestrak antolatuta. Hain justu, 2011ko Nafarroaren egunerako prestatutako ekitaldia izan zen; Baigorrin, urtero, apirilaren amaieran Nafarroaren Egunaren harira ospatzen den kultura astearen barruan hain zuzen ere. Kontzertu hartan herriko gazteen abesbatza batek ere parte hartu zuen, eta orain gurean daude, Goikobaluko gazte eta txikiekin batera abesteko.
Debagoiendarrak tarteko
"Goikobalu Txiki eta Goikobalu Gaztekoek hartuko dute parte, eta gehienak arrasatearrak dira. Ikastolako haur batzuk ere tartean izango dira, abesbatza handitzeko helburuarekin; beraz, herri askotako umeak bilduko dira. Besteak beste Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaletakoak", adierazi du Rakel Murgiondo Goikobalu Gazteko zuzendariak.
Guztira, 45-50 bat haur izango dira; txikienak 8 urte izango ditu eta nagusienak 22. "Guretzako zerbait berria denez, umeak oso pozik daude, batez ere Eñaut Elorrieta, Ken Zazpiko abeslaria, bertan izango dela jakin zutenean", esan du zuzendariak.
Duela 3 hilabete hasi zituzten entseguak, eta dagoeneko prest dute guztia. Lan handiko proiektua da; horrenbestez, emaitza onak lortzea espero dute. "Euskal kanta ohikoak eta gaur egungoak izanda, guztiendako erakargaria izango da eta ez bakarrik haurren senitartekoendako. Emanaldiak 17 abesti izango ditu eta guk 5 kantu abestuko ditugu. Benetan polita izango da eta gozatzeko modukoa."