Ibai Gonzalez egungo antolakuntza taldeko kideak honela azaldu digu afaria antolatzearena: "Ez dugu halakorik sekula egin eta pentsatu genuen kuriosoa izango zela finalaren ostean, kantxan bertan, afari eder bat egitea. Egungo jokalariak, jokalari historikoak eta orokorrean herritar guztiak daude gonbidatuta".
Momentuz harrera ona izan du deialdiak, Gonzalezen arabera: "Aurtengo taldeetatik bik izan ezik ziurtatu dute agertuko direla. Ez dira jokalari guztiak agertuko akaso, baina ordezkaritza zabala izango da eta horregatik pozik gaude". Gainera, talde historikoren bat edo beste "seguruenik" agertuko dela aurreratu du; Argi Ibili eta Iriztu taldeko aspaldiko jokalariak, esaterako.
Irudi zaharrak jartzeko asmoa
Era berean, afaria ospatzen ari den bitartean, proiektagailu baten bidez aspaldiko irudiak jartzeko asmoa dute. Irudion artean egongo ei dira, besteak beste, ondoko taldeen argazki zaharrak. Kopuru polita bilduko dira mahaiaren bueltan: "100 lagun batzea espero dugu, gutxienez", adierazi du Gonzalezek. Paella erraldoia egiteaz arduratuko den enpresarekin 100 gonbidatu zehaztu dute kopuru moduan baina azken orduan bat egin gura dutenekin aurrez kontatzen dute: "Ez dugu publizitate larregi egin eta asko oraindik ez ziren enteratuko. Beraz, finalean bertan enteratu ez denari ere zabalik gaude". Partiduak hasi aurretik barra jarriko dute eta beraz, giro beroa bermatuta dago.
Hona hemen argazki zaharretako batzuk:
AC SURKOS
ARGI IBILI

ARRASATE KIROLAK

BORROCK 'N' ROLL
DANOK LAGUN

FOSFOROS

KOKA JUNIORS
SOKOAKOAK

ZULOAK

Kamisetak ere salgai
Orain arte urtero finalistek eta antolakuntzako kideek afaria egin izan dute jatetxe edo elkarte baten. Bada, aurten finalistek ez dute afaria ordaindu beharko eta ospakizunak familia giro ederrean egiteko aukera izango dute.Gaur da afarirako erreserba egiteko azken eguna eta ordainketa egunean bertan egin ahalko da, Afariaz gain, 50. edizioa betikotzeko kamisetak ere atera dituzte; salgai daude, 15 eurotan, txapelketaren babesle diren tabernetan; Basati, Iluntz, Kajoi eta Bittori tabernetan, hain justu.
Erreserba gaur, ordaindu bertan
Zapatuko afari herrikoia kantxan bertan egingo da. Erreserba egiteko azken eguna gaur zehaztu dute antolatzaileek, biharko jakin behar dute-eta zenbat lagun elkartuko diren gutxi gorabehera. 15 euro kostako du menuak: entsalada, paella eta tarta; ogia eta edatekoa barne.
Euria eginez gero Biteri plazan egingo da: "Gure ilusioa Zaldibarren bertan egitea da, baina eguraldiak lagunduko ez balu, Biteri plaza eskatuta daukagu badaezpada", diote. Izena emateko biderik eraginkorrena da honako telefono honetara deitzea: 634 447 592.