Arrasateko San Juan jaiak ekainaren 22an hasten badira ere, aurretiko egunetan ere izango da giroa berotzen hasteko aukera. Ekainaren 15, 16, 17 eta 21erako ere iragarri baitituzte ekitaldiak. Hori bai, egunik indartsuenak ondoren etorriko dira, ekainaren 22an hasi eta 26a arte ez da aspertzeko tarterik izango.
San Juanetan zsu!
‘San Juanetan zsu!’ lelopean aurkeztu dute aurtengo egitaraua. Esaldi horrekin herriko jaietan zuk duzun garrantzia, parte hartzearen beharra eta San Juan bestetako sua gogora ekarri nahi izan dute.
Berrikuntzak iragarri dituzte
Antolaketa lanetan aritu direnek Arrasateko leku ezberdinetara heltzea nahi izan dute eta leku horietan, aldi berean, ekintza ezberdinak egitea gura dute. Hala, ekainaren 22rako oraindik San Juanetan ezagutu ez dugun eta Jose Letona plazan ospatuko den Kantu Afaria iragarri dute. Baita suzko zezenak ere.
Beste berrikuntza bat ekainaren 25ean Maisu Aranon ospatuko den Zeuk iñ zeuk jan kuadrilen arteko bazkaria izango da. Hau ere herritarren parte hartzea bultzatu eta giro goxoan egoteko ezinbesteko plana. Gainera, udalak sagardo kupela jarriko du bertaratzen diren guztientzat.
Txozna Gunea inoiz baino indartsuago
Joan den urteko San Juan jaiak amaituta, datorren urterako zerbait gehiago egin beharra zeukatela pentsatu zutela esan digu Iñaki Telleria Txozna Batzordeko bozeramaileak. Eta aurten, indarrak batu eta ohiko bi txozna beharrean hiru irekiko dituzte. Horietako bitan edariak salduko dira, eta bestean, bokadiloak. Beraz, txozna gunean otorduak egiteko aukera ere egongo da aurten.
Urtero jartzen dutena baino eszenatoki handiagoa jarriko da bertan, gainean jasoko dituen talde indartsuei eusteko modukoa. Taula horretan bi egunetan izango dira kontzertuak. Bata, San Juan Bezperako Rock Festibala izango da: Los Cretinos talde arrasatearrak hasi, Itziarren Semeak jarraitu eta Bongo Botrako talde kataluiniarrak amaiera emango diona. Ekainaren 25ean aldiz, Drop! musika talde arrasatearra, Egurra eta Kitto eta Betagarri talde famatuaren ordua izango da.
Haur eta gaztetxoenentzat ekainaren 25a onena
Ekainaren 25ean izango da haur eta gaztetxoenen txanda. Hiru guneetan banatuko dira Eguzki Laru eguneko ospakizunak. Hala, goizean zehar Jokin Zaitegi plazan apar festa, Biteri plazan tailerrak eta Zaldibarren uretako bola erraldoiak eta tatuajeak egiteko aukera eskainiko da. Arratsaldean txozna gunean jokoak egin eta gero hasiko da askok esperotako ekitaldia: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, Monterronen.
San Juan jaietan ezinbestekoak direnak
Eta zer lirateke San Juan jaiak makalaren igoera, Errementari Dantza, San Juan Sua, Nagusien Danborrada eta hurrengo eguneko Musika Bandaren kontzertua eta Dragoi Janik gabe. Horiek ere egitarauan egongo dira eta antolatzaileek San Juanetan zsu! lelopean jaietan parte hartzera gonbidatzen zaituzte.
Antolatzaileak
AED, AEK, AZE, Arrasateko Txistulariak, Arrasateko Gaiteroak, Portaloi Taldea, Txatxilipurdi, Lore Gazteak Dantza Taldea, Txikitxu, Arrostaitz, Gaztetxea, Tabernariak, SUDC, Kooltur, Bertso Eskola, Txozna Batzordea eta norbanakoak.