Kanpaldi eta irteerek protagonismo berezia izango dute aurten Udaixe programaren barruan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 6a

Aurten ere ez du hutsik egingo 12 eta 17 urte arteko gaztetxoendako Txatxilipurdik eta Udalak elkarlanean antolatzen duten Udaixe programak. Urtero moduan ekintzez lepo dator egitaraua eta aurten antolatzaileek protagonismo berezia eman gura izan diete kanpaldi eta irteerei. Bestalde, ginkana erraldoia, Gamarrako igerilekuetara irteera, gaueko futbito txapelketa... ez dute aspertzeko astirik izango, inondik inora. Informazio gehiagorako hiru bide: Txatxilipurdiko egoitzara jo –Nafarroa etorbidea 23, udaltzaingoaren atzealdean–, 943 79 54 46 telefonora deitu edo 'gazteak@txatxilipurdi.com' helbidera idatzi.

Bi kanpaldi antolatu dituzte: uztailaren 9, 10 eta 11n Degurixako zelaietan ibiliko dira eta hilaren 23, 24 eta 25ean, berriz, Orio eta Aia inguruan egingo dute egonaldia. Kanpaldi hauetan plaza mugatuak izango dira eta bertaratzen direnek "ahaztu ezineko" hiru egun bizitzeko aukera izango dute, antolatzaileen esanetan.

Kanpaldi horien prezioa 30 eurokoa da. Kanpaldi horietan izena ematen duten gazteen gurasoekin bilera bat egingo da argibide eta informazio guztia eskaintzeko.

Ekintza bereziak sei egunetan

Hirtu eguneko bi kanpaldi horiez aparte honako ekintza eta irteerak ere antolatu dituzte:

Uztailak 2, Ginkana Erraldoia



3 edo 4 pertsonako taldeak eman beharko dute izena. Euro bat ordaindu beharko da pertsonako.

11:00etan elkartuko gara gaztegunean eta ginkana amaitutakoan bazkaria izango da parte hartzaile guztientzat.

ç

Uztailak 4, afari-merienda eta beldurrezko pelikula erdiguneko gaztetxokoan



Erdiguneko gaztetxokoan elkartuko gara arratsaldeko 18:00etan, afari-merienda prestatu eta beldurrezko pelikula ikustea izango da plana. Euro 1 ordaindu beharko da etortzeko.



Uztailak 6, Gamarrako igerilekuetara irteera



Uztailaren 6an Udaixen klasiko bat den Gamarrako igerilekuetara irteera egingo dugu, 5 euro ordaindu eta goizeko 11etan irtengo gara Gasteiz aldera Garibaiko geltokitik.



Uztailak 16, Gaueko futbito txapelketa

Zaldibarko frontoian, 20:00etatik aurrera futbito txapelketa egingo dugu, bost pertsonako taldeek eman beharko dute izena eta izen ematean pertsonako euro bat ordaindu beharko dute. Parte hartzaileentzat afari merienda izango da bertan eta sariak ere izango dira.



Uztailak 18, Murala + bazkaria

11etan gaztegunean elkartuko gara. Gure barruko artistak aterako ditugu mural koloretsua egiteko! Ondoren bazkaria izango dugu gaztegunean. 2 euro pertsonako.




Uztailak 20, Paintball eta Hondartza



Kostaldera joango gara, Lastur inguruan paintballean jokatu eta bazkaltzera hondartzara jaitsiko gara. Bakoitzak bere bazkaria ekarriko beharko du. Irteeraren prezioa 20 euro izango da.


Izen-ematerako kontuan hartu beharrekoak

Irteera eta ekintzetara etortzeko izen-emate fitxa bete eta matrikula bat ordaindu beharko da esku dirutan. Izen- emate fitxak eta matrikulak gaztetxoko ezberdinetara, gazte bulegora edo Txatxilipurdiko bulegora ekarri beharko dira. Irteerak ezin gauzatu badira, beti egongo da gazteentzako eskaintza erdiguneko gaztegunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak