Amen edo ama izango direnen bilgunea osatu gura dute

Ubane Madera 2012ko ekainaren 6a

Amatasunari zuzendutako zerbitzua antolatu gura du Ekin Emakumeak elkarteak, "amatasunak emakumearen bizitzan suposatzen duena aztertu eta amek dituzten beharrei erantzuteko". Parte hartu gura duenak Ekin elkartean eman dezake izena: Pablo Uranga, 4 edo 943 79 83 70 / 651 70 79 36 edo ekin.emakumeaktelefonica.net

"Historian zehar omisioan egon den gaia da, eta oso gutxitan erreparatu zaie ama izatera doazen edota ama diren emakumeek dituzten zalantza, behar eta egoera emozionalei", adierazi dute Ekin elkartetik. Eta ildo horretatik gura dute amatasunaren inguruko zerbitzua sortu, adin guztietako emakumeekin "hausnarketarako, analisirako edo elkartrukerako gunea" izan dadin.

Haurdunei inkestak

Jakinarazi dutenez gure ibarreko ospitale eta anbulatorioetako emaginekin jarri dira harremanetan bertara doazen haurdunei inkesta egin eta haren bitartez haien kezkak eta zalantza nagusiak ezagutzeko, "nola hartzen duten ama izatearen erabakia, zerk eragiten duen erabaki horretan, legea eta amatasunaren gaineko dirulaguntzen inguruan duten informazioa, lanean bizitako esperientziak…"

Erakusketa: 'Zer da ama/aita izatea?'

Bestalde, lehen ekintza publikoa ere iragarri dute: amatasuna/aitatasuna aztertzeko erakusketa. Iraila-urrian gura dute egin, argazki, testu eta marrazkiak erabilita. Eta hain justu, materiala eskuratzen laguntzeko deialdia egin diete herritarrei.

Parte hartu gura izanez gero, argazkiak paperean edo digitalizatuta, CD edo USB batean aurkeztu behar dira, elkartearen egoitzan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Posta elektronikoz ere bidal daitezke. Hori bai, partaide bakoitzak asko jota bost argazki/marrazki edo testu aurkez ditzake.

Uztailaren 6a baino lehen eraman behar da materiala. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak