Goizeko prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, kartzelako zuzendariari emango dioten gutun horretan maiatzaren 2an Arrasateko Udalean onartutako mozioaren berri emango diote. Gutuna emateko ahaleginaren ostean, elkarretaratzea egingo dute kartzela kanpoan, "elkartasuna adierazteko barrukoei, eta batez ere, Josuri, herritarren berotasuna senti dezan". Horren ostean Arrasatera bueltatuko dira.
Egun bererako 19:30ean beste hitzordu bat egin du Herrira mugimenduak, Seberretik aterako den manifestaziorako.
Laguntzeko "betebeharra" eta herritarrei deia
Amaia Larrañaga zinegotziak, udalbatzarraren izenean salatu du Uribetxeberriaren kasua "giza eskubideen urraketa handia" dela, eta horren aurrean "indarrak metatu" egin behar direla, "giza eskubideen errespetua" eskatzeko: "Iosu Uribetxeberria presoa arrasatearra izanik, eta bizi duen egoera larria izanik, uste dugu geuri, Udaleko ordezkari izanik, herritar honi laguntzeko betebeharra dugula. Bestalde, Espainiako espetxe legediak berak dio Iosu bezala gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak kaleratuak izan behar direla. Geuk, beste barik, horixe bete dezatela eskatzen dugu: momentu honetan egoera horretan dauden 14 euskal presoak kaleratu ditzatela. (…) Bestalde, egungo egoera politikoan guztion eskubideen alde elkarlanean aritzea beharrezkoa ikusten dugu, are gehiago herritar baten oinarrizko eskubideak urratuta daudenean. Horregatik animatu nahi ditugu arrasatear guztiak datorren zapatuko martxarekin bat egitera".
Babes zabala
Herrira mugimenduaren izenean, berriz, Ilart Azkaratek azpimarratu du "Arrasateko zati handi batek" Josuren askatasuna eskatzen duela "aho batez", kontuan hartuta maiatzaren 2an udalbatzarraren gehiengoak (21 zinegotzitik 16k: Bilduk, Aralarrek eta EAJk) babestu egin zuela Uribetxeberriaren aldeko mozioa, eta Herrirak berak deitutako manifestazioa herriko eragile ugarik babestu dutela.
Aro berriarendako traba
Horrekin batera, adierazi du orokorrean "euskal jendartearen gehiengo zabal batek behin betiko finkatu nahi duen aro berriari traba nabarmena" eragiten diola Uribetxeberriak moduan "minbizia edo gaixotasun psikologiko larriak dituzten presoak espetxean mantentzeak" (…) Giza eskubideen errespetuari zor zaizkion neurriak dira gaixoak askatzea". "Bada ordua errepresio klabeetan erabili duten espetxe politika gatazkaren konponbidearen klabeetan jartzeko", gaineratu du. Eta ildo horretan, beharrezko ikusi du "presoen eskubideen aldeko mezuari" lotutako babesa "zabaltzea eta kalean erakustea, agintariek jarrera alda dezaten".