Euskadiko I. Ekoeragingarritasun Astean parte hartzen zabiltzate, eta maiatzaren 25ean, lehenengo jardunaldia zuek antolatu zenuten. Zer moduz?
Ingurumenari bideratutako merkatu aukeren gaineko jardunaldia izan zen, eta mundu osoko erreferenteak etorri ziren: Nathan Shedroff, AEBetatik; Ingalaterratik beste bi; Bartzelonatik ere bai; eta, Euskal Herritik, MU eta Aclima. Enpresetako, zentro teknologikoetako eta Diseinu Estrategikoan masterra egiten dabilen jendea etorri zen.
Ondorioetako bat izan zen munduan oraindik ez dagoela ingurumenari bideratutako negoziorik; beraz, esplotatu bako merkatu hori zabalik eta deskubritzeko moduan dago, eta hor sartzea lan handia da, baina aukera handia ere bai.
Eta biharko, bada, zer antolatu duzue?
Gai berbera landuko dugu, baina hemengo enpresendako. Ekodiseinua aplikatzen duten enpresak etorriko dira, merkatuan ze aukera dauden eta ekodiseinuak ze abantaila dituen azaltzera. Hizlari gisa, Oronatik, LKStik eta Fagorretik etorriko dira, eta MU ere hizlari izango da. Gero, MUren Diseinu Berrikuntza Zentroan bisita egingo dugu.
Jardunaldi horretan izena eman daiteke Ihoberen webgunean (www.ihobe.net).
Zertan datza ekodiseinua?
Filosofia da produktu baten ibilbide osoan ingurumenean egiten dituen inpaktuak gutxitzea. Horretarako erabiltzen diren estrategiak izaten dira materialak gutxitzea, erabiltzen den energia edo ura gutxitzea…
Kontsumitzaileak baloratzen du hori?
Bai baina, momentu honetan, produktu bat ingurumen aldetik beste bat baino hobea dela zaila da igartzen, erabiltzen diren erreferentziak ekoetiketak direlako, eta milaka ekoetiketa daudelako merkatuan. Goitik lan handia dago egiteko.
Eta krisiak eragiten du? Ekodiseinu produktuak garestiagoak izango dira…
Hori mitoa da: izan daiteke garestiagoa edo ez. Are gehiago: ekodiseinuaren estrategia bat materialak eta energia gutxiago erabiltzea denez, produktua, kasu batzuetan, merkeagoa ere izan beharko litzateke.
MUk 2004an sortu zuen Ekodiseinu gela, eta orain bi urte, aldaketa garrantzitsua izan zuen…
Bai. Hasieran, ikasketa amaitzen zuten ikasleak gai horretan hezten zituen, eta proiektua egiten zuten. 2010ean, beste pauso bat: eta ekodiseinu berrikuntza master baten inplantatu da, modulo oso gisa, eta ekodiseinu eta ekoberrikuntza inguruko gaiak lantzen dira hor. Gaur egun, ekoeragingarritasuna eta ekoberrikuntza lantzen gaude.
Masterrean hiru hanka lantzen dira: jasangarritasuna lortzeko ez diogu ingurumenari bakarrik begiratu behar, baizik eta baita norendako gabiltzan zerbitzua eskaintzen, hau da, pertsonendako diseinua. Eta hirugarren seihilekoan, estrategia lantzen da eta negozio eredu berriak ikusten dira, ingurumenari zuzenduta sortzen diren enpresek negozio-eredu berezia izan behar dutelako.