Nafarroa-Arrasate bat eginik, 'Hitzen Musikaz Hazi' kantaldi berezia, egubakoitzean

Ubane Madera 2012ko ekainaren 4a

Ken Zazpiren Olatuz olatu, Ilargia edo Zapalduen Olerkia; Xabier Leteren Ni naiz; Mikel Laboaren Izarren hautsa, Mañolo Espeletaren Maitia nun zira, edo Ama eta Pablo Sarasateren Navarra edo Habanera kantu herrikoia dira egubakoitzean Arrasaten interpretatuko dituzten kantuetako batzuk. Kantari-musikari zerrenda eder askoak taularatuko ditu, gainera; tartean Arrasateko Goikobalu Txiki eta Goikobalu Gaztek eta Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi) kantari ezagunak. Gonbitea egina dago: egubakoitzean, 22:00etan, Amaia Udal Antzokian. Sarrerak 10 eurotan salgai daude, Kutxan. 

2011ko Nafarroaren Egunerako prestatutako ekitaldia da Arrasaten egubakoitzean taularatuko dutena, Hitzen Musikaz Hazi izenekoa: "Kantaldi hunkigarri eta ederra izan zen, eta hainbeste jenderen artean eginiko elkarlan musikalak arrakasta handia lortu zuen. Entzuleriaren erantzun beroa eta kontzertuaren prestaketan burututako lan handia aintzat hartuta, ikuskizun hau Euskal Herriko beste txokoetara eramateko erabakia hartu genuen, lekuan lekuko haur koroarekin elkarlanean arituz".

Orkestra, Amaren Alabak, gaiteroak

Hain justu, Baigorriko elizan estreinatu zuten ekimena eta orain Arrasaten ikusteko aukera izango dugu. Hemengo kontzertuari dagokionez, Arrasateko Goikobaluko kantari txiki zein gazteekin eta Eñaut Elorrietarekin batera, beste honako hauek ere jardungo dute taula gainean:  Et Incarnatus orkestra, Amaren Alabak, Baigorriko gaiteroak eta Juantxo Zeberiok. 

… eta ikus-entzuleak 

Eta haiekin guztiekin batera, herritarrei ere dei egin diete: "Abesti berri nahiz zaharretan publikoaren partaidetza eta protagonismoa funtsezkoa dela euskal kulturaren ezaugarri hain esanguratsua izan den kantatzeko ohitura onak ez galtzeko esperantzarekin, guztien artean arrats ahaztezina sortu eta gozatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak