Gautxori eremua, alde zaharreko egitamua eta San Juan jaiak, Udal gobernuaren batzordean gaur

Ubane Madera 2012ko ekainaren 4a

Gautxori esparrua bere horretan utziko dute. Jakinarazpen hori mahai gainean izango du gaur arratsaldeko batzarrean Udal gobernuak. Horrekin batera, alde zaharreko egitamu berezia aldatzeko Ibai Arte elkarteak egindako eskaera ere aztertuko dute, eta besteak beste, San Juan jaietako egitaraua eta aurrekontua onartzeko proposamena eta Sorgin Gaua antolatzekoa ere izango dituzte aztergaien artean. 16:00etan egin dute hitzordua.

Gautxori esparruari dagokionez, orain urte batzuk inguru hura garatzeko asmoa erakutsi zuten bereziki MUk, Eskola Politeknikoak eta Garaiak, esparruaren arduradunek. Baina egitasmoak ez duela aurrera egiten ikusita, haren gainean galdetu egin die Udalak. Bada haiek jakinarazi die momentuz egitasmoak ez duela aurrera egingo, eta Gautxori esparrua bere horretan geratuko dela, baliabide egokirik ez daudelako une honetan.

Egitamu Berezia

Alde zaharreko egitamu bereziari dagokionez, berriz, bertan dauden lokalek bete beharreko baldintzak zehazten ditu egitamu horrek, besteak beste. Bada, egitamua aldatzeko proposamena egin du Ibai Artek. Eta eskaera aztertu ostean, Hirigintza batzordean atzera botatzea erabaki dute, lokal gutxi geratzen direlako baldintzetara egokitzeko. Erabaki horixe da Udal gobernuak aztertuko duena. 

Uarkapeko plaza

Hirigintza kontuekin bukatzeko, Uarkape barruko plazaren berrikuntza obrekin lotutako puntua ere izango du gobernuak aztergaien artean. Labur esanda, inguruan egindako obrek plazako harlausak kaltetu ostean, konponketa egitea onartu zuten. Bada, obra horiekin lotutako finantzazioa da gaur mahai gainean izango duten puntua. 

San Juan jaiak eta beste

Eta gaurko batzarrean aztertuko duten beste gaietako batzuk aipatzearren, herriko jai nagusien egitaraua eta aurrekontua onartzeko proposamena izango dute gobernuko-kideek. Eta Berdintasun Sailak proposatuta, batetik, biolentzia sexistaren kontrako gida argitaratzea eta bestetik, Sorgin Gaua antolatzea ere aztertuko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak