Lau alderdion esanetan, bizi dugun egiturazko krisiaren aurrean, alternatiba integral bat osatzea ezinbesteko premia da gaur egungo egoera politikoan. Hala, Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak, premia horri erantzuteko asmoz, alegia, "bestelako eredu sozio-ekonomikoaren bidean, lehen urratsa ematea erabaki dugu, elkar harturik".
Zera diote: "Krisiaren kontrako neurrien gordintasuna duela hilabete batzuk hasi gara ikusten eta aurreikuspen guztiak larriak dira oso: langabezi eta pobrezia tasak gora egiten ari dira, eta horrela jarraituko dute; altxortegi publikoak egoera larrian daude, azken urteotako xahutze politika arduragabearen ondorioz; politika fiskal progresibo eta ekitatiboak bultzatzeko borondatea falta da… Alegia, EAJk zein PSEk zuzenduak izan diren gobernu autonomiko eta foralen ezintasunak agerikoak dira, azken urteotan, Madrilgo politika neoliberalen jarraipen itsua egitera mugatu direla".
Hitzaldi sorta baten bidez
Hala, honakoa da Gipuzkoako jendarteri hitzaldi sorta baten bidez aurkeztu nahi diotena: "Aldaketaren bidean, alternatiba integral baten norabidean, elkartasunean, jendarte-berdintasunean eta irizpide ekologikoetan oinarritzen den eredu sozio-ekonomiko berria eraikitzen hasteko proposamena".
Alderdiok uste dute ez dela "oso azterketa sakona egin behar gaur egungo markoak eskaintzen dizkigun eskumenen mugak eta subiranotasun ezak dakartzaten premia praktikoak ikusteko". Diote "herri honen gehiengoak onartzen duela egungo autonomia-estatutuen eredua agortuta dagoela arrazoi anitz tarteko". Horien artean aipatzen dituzte: "Diseinuaren mugak, eskumenen transferentzien murrizketak, inboluzio autonomikoa edota ekonomiaren erronkak aurrera eramateko tresna berrien beharra".
Horrela, "independentzia politiko eta instituzionalaren hautua" egiten dute, batetik, "gure herriaren eta gure kulturaren biziraupena bermatzeko" eta, bestetik, "nazio honetako biztanleen ongizatea eta bizitza kalitatea hobetzeko. Izan ere, krisi sistemiko honek zerbait erakutsi badigu, independentziaren egitasmoa ezinbestekoa dugula da, gure ekonomia eta jendartea eredu berri batera eramateko beharrezkoak ditugun tresna guztiak lortu eta garatzeko beste biderik ez dagoelako".
Hasieratik azpimarratu nahi dute "aurkezten ari garen proposamenaren izaera irekia". Diote proposamena ez dagoela, inondik inora, itxia: "Are kontrara, lehen aipatutako akordio estrategiko zabala lortze bidean, euskal herritar eta eragileen ekarpenekin osatu nahiko genukeen proposamen irekia dugu hau".
Horretarako, mekanismo eta tresna desberdinak jarri dituzte martxan. Horien artean, hurrengo egunetan Gipuzkoan zehar emango dituzten hitzaldiak. Hain justu, hitzaldi horietako bat gaur egingo dute Arrasaten, 19:00etan, Kulturaten.