Aritz Arrieta: "Bilduren udal gobernuaren lehen urteko balorazioa, zero bat"

Txomin Madina Milikua 2012ko ekainaren 1a

Arrasateko sozialistek Bilduk Udal Gobernuan eman duten lehen urtearen balorazioa egin dute gaur goizean egindako agerraldian. Sozialistak ez daude gustura Bildukoen lanarekin: egoera ekonomikoari aurre egiteko eta enplegua sustatzeko ekintza falta azpimarratu dute besteak beste; baita atez atekoa ezarri nahia ere. Era berean, iragarri dute neurri sorta bat aurkeztuko dutela Udalean.

Arrasateko PSE-EEk agerraldia egin du Bilduren udal gobernuaren lehen urtearen balorazioa egiteko. "Zero bat izan da; aurreko agintaldian berdina izan zen ANVrekin, baina salbuespen batekin: orduan egon zen aurrera irten zen proiekturik" adierazi du Udalean sozialisten bozeramaile den Aritz Arrietak. Arrietak hainbat alor aztertu ditu.

Hala, udal gobernuari egotzi dio egungo egoera ekonomikoan berau hobetzeko eta enplegua sustatzeko neurririk hartu ez izana. Gaineratu du, gaia zuzenean Udalaren eskumenekoa izan ez arren, ahalegina egin daitekeela gauzak hobetzeko. Era berean, zinikotzat jo du egun bost liberatu egotea Udalean, eta kritikatu du batzorde informatiboetan proposamenak arduradun politikoek egin beharrean, teknikariak direla gidari lana egiten dutenak.

Gizarte politika eta atez atekoa

Gizarte politikan esan du Bildu programa barik hasi dela gobernatzen. Gaineratu du Ander Rodriguez, Arrasateko zinegotzi eta era berean Aldundiko Gizarte Politikako diputatuari eskatzen diotela, legeak dioen bezala, Diputazioak har dezala bere gain zaharren egoitzaren ardura.

Atez atekoari buruz Arrietak esan du Bilduren programa izarra dela eta oposizioari ezer informatu barik dagoeneko aurreratuta dagoela. Esan du hiritarrendako bai izango dela sistema garestiagoa. "Seguruenik ez dute zuzenean zaborraren zerga igoko, baina ikusi dugu aurtengo aurrekontuan igo egin dela Mankomunitateari egiten zaion ekarpena; eta Mankomunitatea da atez ateko zerbitzuaz arduratuko dena" esan du Arrietak. Sistema zikinagoa eta deserosoagoa izango dela gaineratu du, eta azaldu sozialistek bat egiten dutela atez atekoaren kontrako plataformarekin.

Neurri eta proposamen sorta

Garbitasunarena bezalako ordenantzak aurrera eramateko ere eskatu diote sozialistek udal gobernuari, eta alkatearen lidergoa falta dela ere azpimarratu dute. Kritikatu dute baita ere alkateak Leonera, Josu Uribeetxeberria presoarengana joateko duen asmoa, eta esan dute terrorismoaren biktimekiko sentsibilizazio faltaren adierazgarri dela hori.

Sozialistek jarrera proaktiboa dutela ere esan du Arrietak, eta iragarri du, seguruenik mozio moduan, euren programako neurri eta proposamenak aurkeztuko dituztela Udalean .

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak