Bildu, EAJ eta Aralar batuta Josu Uribetxeberriaren askatasuna eskatzeko

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 31

Arrasateko Udalean ordezkatuta dauden Bildu, EAJ eta Aralarreko zinegotziek bat egin dute Herrira ekimenak egindako eskariarekin: Josu Uribetxeberriak eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainonerako euskal presoek kalean egon behar dutela eskatzea. Hala, Arrasateko Udaleko ordezkaritza bat Leongo espetxera joango da ekainaren 9an.

Hain justu ere, Leongo Mansilla espetxeko zuzendariarekin batzartzeko eskaera luzatu du Arrasateko Udalaren ordezkaritza batek (Bildu, EAJ eta Aralar), Josu Uribetxeberriaren osasun egoera larriaren berri eman eta preso arrasatearraren askatasuna eskatzeko.

Arrasateko Udaletik adierazi dutenez, Espainiako espetxe legediaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak kaleratuak izan behar dira bizi duten gaitzak behar bezalako tratamendua izan dezan. Gaur egun, hamalau euskal preso dira osasun egoera horretan egonik ere, espetxean mantentzen dituztenak. Josu Uribetxeberria arrasatearra da beraietako bat; minbizia dauka.

"Gaixotasun larri eta sendaezinak dutenak kalera"

Arrasateko Udalak, gaitzari behar bezala aurre egiteko beharrezkoa dela ulertuta, espainiar legediak berak aitortzen duena bete dadin eskatzen du: "Josu Uribetxeberriaren eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen kaleratzea".

Leonera bisita

Hain justu ere, aipatutako hiru alderdiek bat egin zuten Herrira mugimenduak maiatzaren 2ko osoko bilkuran aurkeztutako mozioarekin. Eta, Arrasateko Udalak, herriko instituzio izanik, preso arrasatearraren askatasuna eskatzeko zenbait ekimen egiteko konpromisoa hartu zuen: 

Batetik, Leongo espetxeko zuzendariarekin bilera bat eskatzea, Uribetxeberriaren egoera azaldu  eta bere askatasuna eskatzeko.

Ekainaren 9an Herrira mugimenduak Leonera antolatu duen martxara Arrasateko Udaleko ordezkaritza bat joatea, bertako espetxeko zuzendariarekin elkartzeko.

Era berean, Arrasateko Udalak arrasatearrei ekimen honetan parte hartzeko deia luzatu die, maiatzaren 2ko mozioarekin bat egitera bultzatu zuten arrazoiengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak