Garagardoa, alemaniar jatorrizko gastronomia eta ekitaldiak, XIV. Garagardo Azokan, eguenetik

Ubane Madera 2012ko maiatzaren 28a

Egueneko 18:00ak. Orduantxe zabalduko dute XIV. Garagardo Azoka Herriko plazan, Arrasate Errugbi Taldeak antolatutakoa. Berritasunekin dator aurtengo edizioa: asteburu bakarreko azoka izango da (zapatura arte); MUrekin elkarlanean herri kirolak jokatuko dituzte (izenematea gaur, maiatzaren 28a, bukatzen da); prezioak iazko berak izango dira (igoera barik) eta segurtasun pribatua ipiniko dute, iazko lapurretak ez daitezen errepikatu.

Herriko plazako karpa zabaldu eta eguenean bertan herri kirolak jokatuko dituzte "Soka tira, ingudea edo zaku lasterketa bezalako frogak"e. Izenematea gaur bukatzen da: kirolak@mondragon.edu edo 943 71 20 33. 6-10 kide bitarteko taldeak osatuko dituzte lehiarako, eta irabazleei afaria emango diete karpan.

Sari potoloak, mus txapelketan

Hurrengo egunean, berriz, mahai-jokoek hartuko dute protagonismoa, 22:30ean hasita. Arrasate Errugbi Taldearen II. Mus Txapelketa jokatuko dute, Kajoi tabernarekin elkarlanean. "Sari potoloak" iragarri dituzte gainera: bikote txapeldunarentzat txapela, garaikurra eta batutako diruaren %40a; bigarrenenarentzat diruaren %30a eta garaikurra; eta hirugarren eta laugarren sailkatuarentzat, berriz, %20 eta %10a, hurrenez hurren. 

Izena Kajoi tabernan eman behar da, bikoteko 40 euro ordainduta.

Zapatuan, errugbia

Eta bukatzeko, zapatuan errugbia izango da nagusi. Gizonezko zein emakumezkoen Zazpinako Nazioarteko Errugbi Txapelketa jokatuko dute, Mojategin, Euskal herria, Espainia zein Frantziako taldeekin. 15:00etan hasiko dira partiduak.

Plazan, berriz, janari-edarien karpa 18:00etan zabalduko dute, "goizaldera arte". Eta gogora ekarri dute, gainera, Elkartasun Eguneko egitarauaren baitan antolatutako kontzertua plazan bertan izango dela. 

Prezioak, igoera barik

Krisia aintzat hartu eta prezio bereziak iragarri dituzte antolatzaileek aurtengo azokarako: "Aurreneko garagardo pitxarragatik 4 euro ordainduko dira, baina bigarrenetik aurrera 3 baino ez. Osteguna izanik, gainera, pintxoa eta Heineken garagardoa euro baten truke ere eskuratu ahalko da (…) Gainontzeko egunetan ohikoak izango dira: txerri-ukondoa 11 euro, oilaskoa 8, saltxitxak 7 eta postrea euro bat. (…) Azkenik freskagarriak euro bakarraren truke ere eskuratu ahalko dira". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak