Atzo bigarrenez egin zuten Beste Bat! eguna Arrasaten eta gustura ibili ziren antolatutako ekintzetan haur zein helduak. Besteak beste, areto futbol partidua (Iluntz 6 - Beste Bat! 4), triki-poteoa, bazkaria (110 lagun batu ziren) eta umeendako jolasak izan zituzten. Arratsaldean etorri zen, baina, otordu nagusia.
Jende askotxo kontzertuetan
Arratsaldeko bostetan hasita kontzertuak izan ziren. Taula gainera igotzen lehena Xabi izan zen. Pettik lagunduta jo behar zuen, baina beratarrak ezin izan zuen etorri. Xabik ordea, bakarrik jo zuen arren, ez zuen hutsik egin. Ondoren etorri ziren Los Galerna arrasatearrek. Xabirekin batera jo zituzten pare bat kanta lehenik, eta gero, disko berriko kantak jo zituzten.
Gauean berriz, Dirty Brothers eta Arkada Social taldeak jo zuten gaztetxean. 140 ikusle inguru batu ziren bertan. Jarraitzaileei berotzea kosta zitzaien arren, amaierarako izugarrizko giroa zegoen.
Antolatzaileak pozik azaldu dira egunak emandakoarekin: "Giro oso ona izan genuen eta jende askok parte hartu zuen".