Maila galduko du Mondrak, baldin eta goiko kategoriatako gorabeherak lagun ez baditu

Xabier Urtzelai 2012ko maiatzaren 28a

Futboleko Ohorezko Erregional mailatik jaitsi egingo da Mondra, baldin eta azken orduan, goiko kategoriatako gorabeherek lagunduta, ohorezko erregionaletik hiru baino jaisten ez badira. Kasu horretan Mondrak eutsi egingo lioke kategoriari, azken laugarren postuan sailkatu da-eta. Karanbola horiek laguntzen ez badute, baina, Mondrak erregional mailan jokatuko du bere mendeurreneko denboraldia. Zapatuan Mojategin Arrasatearrek 2 eta 1 irabazi zioten Urolari, baina ez da bete mailari eusteko behar zen bigarren baldintza, Hondarribiak ere galtzea, alegia. Hondarribiak 0 eta 0 berdindu zuen Tolosarekin.

Arrasateko taldeak ondo bete ditu gaurko etxeko lanak, garaipena behar zuten, eta 2-1 irabazi diote baja dezenterekin etorri den Urolari (Arrasatekoek ez zituzten gutxiago). Zuri-moreek kolpe goiztiarra jaso dute Urolak gola egin duenean partidua hasi eta 10 minutura, baina Pavonek eta Zaitegik egindako golei esker azkerera arte egon da emozioa. Mojategin gertatzen zena baino Hondarribian gertatzen zena zen garrantzitsu, baina Ondartza futbol zelaitik iristen ziren berriak ez ziren onak, Tolosa ezinean ari zen Hondarribiaren kontra. Hala, Mondrak garesti ordaindu du urte osoko lanak azkenerako uztea, Hondarribiarekin puntuka berdinduta egon arren, atzetik geratu direlako.

Mailari eusteko aukerak

Partidu amaieran Mondrako presidente ohi Jose Luis Ezkurrak ondo gogorarazi moduan: "Maila oraindik hiru taldek baino ez dute galdu, azkeneko hirurek. Oraindik bada aukerarik". Izan ere, Mondra azken laugarren sailkatu da, eta goiko kategoriatan hainbat karanbola ematen badira, oraindik posible izango da ohorezko erregionalean jarraitzea. Horretarako, Hirugarren Mailatik euskal talde batek igo egin beharko luke (Beasain, Barakaldo, Llodio eta Portugalete daude borroka horretan). Hori lortuta, ohorezko erregionalean (Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban) bigarren sailkatu diren taldeek promozioa jokatuko lukete, eta fase hori irabazten duena gipuzkoarra bada –Pasaia– Mondrak mailari eutsiko lioke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak