Lau aste eskas jaietarako. Nola doaz Txosnagunerako egitaraua prestatzeko lanak?
Nahiko aurreratuta ditugu egitarauan jasoko ditugun ekintzak. Eguaztenero biltzen gara-eta. Azken bileran, esaterako, 14 bat lagun elkartu ginen eta beraz, gogotsu gabiltza jaiak prestatzen.
Dagoeneko ekintza gehienak lotuta daude. Ekintzaren bat edo beste dago lotzeke oraindik baina beste urte batzuetan baino lehenago gabiltza. Egitaraua bera pare bat aste barru kaleratzeko asmoa dugu; ekitaldi guztiak lotzeaz gain, kartelaren diseinua ere pentsatzen gabiltza oraindik.
Nobedaderen bat aurreratzerik?
Hasteko, aipatu beharra dago aurten Sanjuanak egutegiari dagokionez oso ondo datozela; San Juan bezpera, adibidez, zapatuan izango da. Hori horrela Txosna batzordeko kideok erabaki dugu Txosnagunea egubakoitzean, hilaren 22an, zabaltzea. Egun horretan bertan kontzertuak egongo dira.
Beste nobedade bat da hilaren 25ean koadrilendako plan berezia antolatuko dugula. Herri bazkari antzeko bat litzateke eta Zeuk egin eta zeuk jan moduan bataiatu dugu: koadrila bakoitzak lehengaiak eraman beharko ditu gura duena prestatzeko eta antolatzaileok beharrezkoa den materiala jarriko genuke. Portaloi ondoan egingo dugu, bertako aulkietan eta zuhaitzen itzalpean. Horren ostean karaokea eta street boulder txapelketa egongo dira eta gauean, berriz, kontzertuak. Aurten kontzertu indartsuak datoz: hilaren 22an eta 25ean, eta egun bakoitzean hiru kontzertu. Hilaren 22an, adibidez, Itziarren Semeak eta Kataluniako Bongo Botraco taldea, El Chipiron [Todos los dias sale el sol] abesti famatua egin dutenak.
Txosnagunea indartzeko lanean hasi zineten iaz. Lan horrek aurten izango al du jarraipenik?
Bai, noski. Azken urteetan txosna bakarra eta agertokia jartzen zen eta iaz bi txosna jarri genituen. Aurten edariak saltzeko bi txosna horiei afaltzeko aukera eskainiko duen beste txosna bat gehituko diegu. Hala, Txosnagunean afaltzeko aukera egongo da hilaren 22, 23, 24 eta 25ean.