Mailari eustea daukate jokoan

Xabier Urtzelai 2012ko maiatzaren 25a

Mondrak azken urteotako partidu garrantzitsuena jokatuko du zapatuan Urolaren kontra (Mojategi, 18:00). Oraindik ez da hamarkada bat bete Josu Zubiaren gidaritzapean zuri-moreak mailaz igo zirenetik [Atxabalpen lortu zuten igoera, Soraluzeren kontra 2-1 irabazi ostean, gaur egun entrenatzaile den Murua-ren bi golei esker] eta orduan egindako lanari jarraipena eman nahi diote orain, mailari eutsita. Partiduaren garrantziaz jabetuta, zaleak Mojategira erakartzeko sarrera doanekoa izango da.

Denboraldi luzea izan da jokalariendako, nekagarria, porrot bat bestearen atzetik, eta astelehenero buelta eman behar egoerari, hurrengoa prestatzeko. Baina porrot mingarri horien atzetik etorri dira garaipen garrantzitsuak, eta horri esker lortu dute azken partidura bizirik iristea, mailari eusteko aukerekin.
Hala, biharko partidurako matematikak sinpleak dira: Mondrak irabazi egin behar du, eta Hondarribiak galdu. Eta Mondraren interesendako lagungarria da, baita ere, Hondarribiaren kontrario Tolosa dela jakitea, Hirugarren mailara igotzeko borrikan dabilen taldea.

Atzera begiratua
Aste barruan Jose Mari Velez de Mendizabalek gogoratu duen moduan, Mondrak urteurren berezian jokatuko du zapatuko norgehiagoka, duela 60 urte lortu zutelako zuri-moreek (orduan Juventud Deportiva) kategoriaz igotzea.
Hori bakarrik ez, bi final jokatu zituzten orduan; mailaz igo baziren ere, Velez de Mendizabalek blogean kontatzen duen moduan ligako finalean Elgoibarren kontra Atotxan 0-0 egin ostean, partidua berriro jokatu behar izan zuten. Eta bigarren lehia horretan gol batengatik galdu zuten. Baina, orduko kronikek diotenez: "Sarrailariek euren futbolaren sendotasuna garbi erakutsi zuten". Orduko sendotasuna izan dadila, bihar ere, zuri-moreen ezaugarri.


iker zaitegi: "Jokalarien lanari esker iritsi gara azkenera aukerekin".

Mondrak baja garrantzitsuak izango ditu biharko partidura begira; "Baina hamaika jokalari zelairatuko ditugu, ez dago arazorik", erantzun digu taldeko entrenatzaileetako batek, Iker Zaitegik, umorez. Orain artekoak ikusita, baikor dira biharko partidura begira: "Dena galduta izan ostean oraindik aukera batekin iritsi gara bukaerara. Besteak urduriago egongo dira".

Mondrak ez du bere esku kategoriari eustea, baina ez da egoera txarrena.
Taldea hartu genuenean gustura sinatuko genuke azken partidura aukerekin iristea, eta halaxe gaude.

Aurrekoan ere aipatu zenuten, "Gu behetik gora goaz, besteak...".

Badakigu kalean jendeak aspaldi uste zuela jaitsita geundela, eta normala ere bada. Guk sinisten jarraitu dugu, egia esan ez dakit zergatik, barruan gaudelako, gure lanean sinisten dugulako, jokalariak lanean ikusi ditugulako... Eurei esker gaude oraindik aukerekin, eta zapatuan gertatzen dena gertatzen dela, arro gaude izan duten jarreraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak