Lezetxikiko ondarea gizarteratzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Aranzadik

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 22a

Lezetxikik harro egoteko moduko ondare kultural eta historikoa dauka bere baitan gordeta. Jose Migel Barandiaranek bertan aurkitu zuen, 1964an, Euskal Herrian dagoen gizaki aztarnarik zaharrena, emakume baten humeroa. Arrasatear askorentzat ezezaguna da hori, ordea, eta arrazoi horregatik ondare hori jendarteratzeko akordioa izenpetu du Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin.

 

"Lezetxikiko ondarea jendarteratzeko, ezezaguna den ezagutza baliotsu hori transmititzeko" apustu egin du Udalak eta, helburu hori beteko dela bermatzeko, hasiera hasieratik Lezetxiki ikertzen aritu den elkartearekin, Aranzadirekin, akordioa sinatu zuen atzo, astelehena, arratsaldean.

Hiru urterako hitzarmena da eta, horren bitartez, Aranzadi Zientzia Elkarteak epe horretan ondorengo proiektuak gauzatzeko konpromisoa hartzen du:

  • Lezetxikiko metakin Pleistozenikoa (Arrasate, Euskal Herria). Berreralketa kronoestatigrafiko eta kulturala izeneko dokumentuan jasotako ikerketak egitea.
  • Ikerketa horiek Munibe zientzia-aldizkarian argitaratzea.
  • Emaitzak Arrasaten eta Debagoienean jendarteratzea.
  • Ikerketak gizarteratzeko argitalpen bat ateratzea
  • Lezetxikiri eta giza bilakaerari buruzko erakusketa egitea.

Lan horiek guztiak egiteko 50.000 euro beharko direla aurreikusi da eta Arrasateko Udalak 18.000 eurorekin laguntzeko konpromisoa hartu du, hiru urteetako bakoitzean 6.000 euro emanez.

Euskal ondarearen babesa

Udalak eta Aranzadik badute elkarrekin lortu beharreko beste erronka bat ere: Lezetxikiri euskal ondarearen legearen araberako babesa ematea: "Izan ere, penintsula iparraldeko historiaurre zentro garrantzitsuenetakoa da eta, gainera, arrasatearrentzat balore sentimentala ere badu, bertako legendei lotuta dagoelako. Aukera probestuko dut Eusko Jaurlaritzari Lezetxikiri dagokion babesa ematea eskatzeko", adierazi zuen Kepa Urteaga Kultura zinegotziak.

Erakusketa

Hitzarmenaren testuinguruan, Kulturaten ikusgai dagoen Historiaurrearen abentura Gipuzkoan erakusketari erreferentzia egin zioten: "Arkeologoen zenbait belaunaldik egindako lanari esker, gure iraganari buruzko ezagutza baliotsuak ditugu eskura eta, egunotan, Arrasaten bertan dugu gure aitzindarien gaineko historia ezagutzeko aukera. Gipuzkoako ondare historikoa biltzen duen erakusketa da".

Erakusketa hilaren 31ra arte izango da Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak