Obretako zinegotzi izan zinen lau urtez. Nola gogoratzen dituzu alderdien arteko harremanak?
Ezker abertzalea legez kanpo egoteak baldintzatu zuen legealdia neurri handi baten. Kalean ez zen giro, denetarik entzun behar izaten genuen. Argi daukat egoera horren errudunak ez ginela gu izan eta ideologia guztiak errespetatzearen alde egin genuen. Bestalde, Udalean alderdien arteko harremana ona izan zen. Hasieran behintzat bai, gero gauzak endredatzen hasi ziren-eta, batez ere Gelmako eta Polmetasako kasuengatik. Ni EAn sartu nintzen Arrasateren alde lan egiteko eta lanpostu horiek herrian bertan geratzeko egin nuen lan.
Gelmako kasuak eragindako liskarrak EAJ barruan eman ziren, nahiz eta eurekin batera joan ginen hauteskundeetan. Kasu horretatik bereiztu egin nintzen; ni lan egiteko sartu nintzen, ez nire burua aberasteko. Nire helburua bete nuen.
Isaias Carrasco alderdi sozialistako zinegotzi izan zen legealdi horretan. Izan zenuen harremanik berarekin?
Bai. Obra, zerbitzu eta mantentze batzordeko kide Paco Gartzia zen baina etortzerik ez zuenez, Isaias Carrascorekin elkartzen nintzen. Lanerako gertu zegoen eta harreman ona egin nuen berarekin.
Osoko bilkurak astelehenetan egiten zenituzten, goizeko bederatzietan. Zergatik?
Kalean zegoen giroagatik erabaki zen ordu horretan jartzea, osoko bilkurek normaltasunez aurrera egin zezaten. Ni ezker abertzalea kanpoan egotearen kontra nengoen, baina ez zegoen nire eskuetan. Osokoak arratsaldean eginez gero bagenekien liskarrak egongo zirela.
Hainbat obra egin ziren legealdi horretan. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Kiroldegi berria izan zen lan handiena. Obra oso garrantzitsua izan zen, lorpen handia. Kudeaketa ona egin zen, baita enpresa eraikitzailearen aldetik ere. Hori bai, kostu handia izan zuen. Era berean, Kulturate ere nabarmenduko nuke, oso proiektu ona eta garrantzitsua izan delako Arrasaterendako. Gogoratzen dut desfase handiak izan zirela hasierako aurrekontuaren eta gero benetan kosta zuenaren artean.
Beste hainbat lan amaitu, abian jarri edo esleitu ziren: Biteri plaza, Abaroa berria, Makatzenako ortuak Garagartzara eramatea... Izan ere, diru-laguntza handiak ematen zituen orduan Diputazioak, eta horregatik hainbat lan egin ziren. Beste garai batzuk ziren; egun udaletxeak ez ditu laguntza horiek jasotzen.
Udaletxean egin zenuen legealdian zerekin geratzen zara? Eta, zer ahaztuko zenuke?
Pertsonalki oso esperientzia ona eta aberasgarria izan zen, ezagutzen ez nuen mundua zelako. Oso pozik egin nuen lan eta nuen onena ematen saiatu nintzen. Harreman onak egin nituen, egun oraindik mantentzen ditudanak.
Eta, zer ahaztuko nukeen? Oroitzapen bat badago ahaztea lortzen ez dudana: San Juan bezperako Salbean entzun behar izaten genituen irainak eta horrez gain, herritarrak guri harrika ibiltzea. Ez dut gorrotorik gordetzen, baina ezin dut ahaztu. Ez geunden eurak kanpo egotearekin ados, baina guk ez genuen zertan hori ordaindu behar.