Loteria Nazionalak 600.000 euro utzi ditu Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 21a

Zapatuko Loteria Nazionaleko lehen saria da gurean egokitu dena, 75.752 zenbakiarekin. Hamar serietatik bakarra saldu da eta hori San Andres auzoko Garai administrazioan, oso-osorik; hamar dezimo saldu zituzten eta 60.000 euro egokitu zaizkio horietako bakoitzari.

Pozik dago Jose Mari Garai ugazaba, halako mokadua herrira ekarrita. Izan ere, zortedunak zeintzuk diren ez daki, baina dioenez ohiko bezeroak izango dira seguruenik, bertako jendea. Primitiba, kiniela eta halakoekin sari politak banatutakoak dira lehenago ere, baina oraingo hau berezia da, bere ustez, hamar lagunen artean banatuko delako.

Beste sari batzuk

Garai administrazioak 1995ean banatu zuen bere historiako saririk potoloena: 803.539 euro, Primitibarekin. Joko horren bitartez baita ere 732.526 euroko saria banatu zuen 2009an. Zapatukoa administrazio honek bere ibilbidean banatu duen hirugarren saririk handiena da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak