Musakolako jaiak: elkarri arrimatzeko plaza bikaina sanjuanen aurretik

Ubane Madera 2012ko maiatzaren 22a

"San Andresen begiz jo, Musakolan arrimatzen ahalegindu eta sanjuanetan errematatu. Zenbat senar-emazte irten diren Musakolako jaietatik…". Gazte batek hala kontatu, eta guk hala egiaztatu dugu Musakolako jaiak pasa berri diren honetan.

Oraingo adibide bat 

Jesus Mari Apraitz-Ane Miren Gallastegi bikotea "ohitura" horren emaitza da, orain dela 39 urteko San Isidrotan sortutakoa. Apraitzek berak kontatu digu zer dela-eta izaten zuten horrenbesteko arrakasta Musakolako jaiek: "Orduan kalean jende asko edadekoa izaten zen, gazteok ez ginen horrenbeste ibiltzen dantzan han; izan ere, ez geneukan baimenik 22:00etatik aurrera egoteko. Baimen gehienak izaten ziren auzoko edo kaleetako jaietan, Madalenan-eta; halakoetan, hamabiak arteko baimena izaten genuen. Eta haiek aprobetxatzen genituen. Aurretik neska bat akaso begiz jota, hona etorri, erromerian dantzan hasi eta halakoak erabiltzen ziren estokea botatzeko. Guk ez geneukan ohiturarik kaletik San Andresera joateko. Izaten zen hemen, edo sanjuanetan, edo Makatzenan…". 

"Prozesuaren" nondik norakoa 

Zelan jarduten zuten ere kontatu du Musakolako auzo-alkate izandakoak: "Begia bota eta erromerian arrimatu egiten ginen, eta  hurrengo geratzen ginen zinemara joateko, buelta bat egiteko… Orduan hondartzarik ez zegoen… bueno bai, baina urrun zegoen, eta gure irteerak izaten ziren San Isidro ostean uda zetorrela-eta, Usakora, Lamiategira, Txaetara, Epelera eta halako lekuetara. Txaetan eta Epelen presak zeuden, erreka garbi zegoen eta joaten ginen bainatzera. Izan ere, neskek ez zuten besterik. Mutilek bageneukan Zerrajerako igerilekua, baina mutilendako bakarrik zen hura, emakumeek debekatuta zuten, eta emakumeak joaten ziren beste leku horietara. Irteera batzuen ostean, komentatzen zenion neskari eta baietza esaten bazuen… ba aurrera!". 

Hain zuzen ere, elkarri arrimatzeko orduan, Musakolako jaien "arrakastan" urteko sasoiak zeresan handia zuela uste du Apraitzek: " Udaberria zen, uda ate joka zegoen…Nik uste dut odola beroago zegoela".

 

Odola bero, orain ere bai 

Baina gauza bera gertatzen da gaur egun? Hau da, Musakolako gaur egungo gazteek segitzen dute Musakolako jaiak aprobetxatzen bikotekidea lortzeko? Bada, ezezkoa jaso dugu oraingo honetan: "Gaur egun ez da ligatzen, ez Musakolan, eta ezta bestela ere", dio Beñatek. 

Enekok, berriz, aitortzen du Zigorrolako jaien berezitasuna: "Musakolako jaiak dira bereziak. Uda denboraldiko lehenengo jaiak direlako, akaso, Mondragoen Aste Santuan parrandarik ez dago… eta denboraldiaren hasiera da hau. Esan daiteke neguan erreprimitu diren grinak orain ateratzeko aprobetxatzen dela. Hala ere, aldatu egin da ligatzeko kontua. Izan ere, orain, gura izanez gero, parranda aste bukaeraro dago, eta lehen ez zen egoten halakoetarako aukerarik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak