Mikel Gonzalez: "Estutasun barik amaitu dugu, eta etxeko jendeaz; urte positiboa izan da"

Xabier Urtzelai 2012ko maiatzaren 21a

Mikel Gonzalezekin egon gara (Arrasate, 1985). Txuri-urdinek liga amaieran larritasun barik, Valentzia talde indartsua mendean hartuta eta Mikel Aranburu kapitainari merezitako omenaldia eginda amaitu dute. Trantsizio urte batean eta harrobiko jokalariz osatutako taldea izanda, ondo neurtu behar da exijentzia maila. Horretaz eta beste gauza askotaz jardun zuen Arrasatekoak Harmailatik saioan.

Liga amaierara etxeko lanak eginda iristeak balio handia du.

Pentsa domeka arratsaldean zelako tentsio momentuak bizi izan zituzten hainbat futbol zelaitan. Guk bizi izan dugu egoera hori, eta badakigu zer den. Iaz larriago ibili ginen, eta aurten hobeto iritsi gara liga amaierara. Eskertzen da lasaitasun hori, bai.

Vila-real taldeko presidente Roig-ek ez zuen batere aurpegi onik...

Azken baten, futbol taldeak enpresak dira, eta enpresa horien atzean interes handiak egoten dira... kirol arloan, ekonomikoan, prestigioari dagokionez...

Zapatuko partidua gogoangarria izan zen, Anoeta beteta, garaipena, eta Aranbururi omenaldi ederra.

Sekulakoa izan zen, oso hunkigarria, nik ez dut sekula halakorik ikusi. Realean jokalari handiak egon dira, baina zaleek zerbaitengatik erantzun zuten modu horretan, bazekitelako taldearendako jokalari berezia izan dela. Realeko harrobiaren eredu izan da Mikel Aranburu.

Dena dela, futbola neurrigabea ere bada. Duda barik, inork halakorik merezi bazuen Mikel Aranburu da. Baina 30.000 lagun zutik, txaloka, bere izena oihukatzen… Futbolarekiko ikuspuntu kritiko batetik ematen du zer pentsatu; esan nahi dut ez duela hiesaren txertoa asmatu. 

Bai, ados nago. Gaur egun badakigu futbolak ze indar duen, zelako oihartzun handia, zenbat diru mugitzen duen eta zenbat jarraitzaile dituen... Ikustea baino ez dago zenbat partidu ematen diren telebistaz eta zenbat egunkari-orri idazten diren. Alde horretatik, nik uste dut jendeak Mikelengan beste balio batzuk ikusi dituela; harekin sei urte egin ditut, eta niretako eredu izan da. Beste jokalari batek ez luke erantzun bera jasoko.

Esan dugu lasai amaitu duzuela denboraldia, baina oso txarto hasi zineten. 

Bai, uste dut zazpi partidu egin genituela irabazi gabe eta jaitsiera postuetan egon ginen. Baina Betisen kontrako garaipenaren ostean –Iñigo Martinezen gol ikusgarriaz– emaitza onak batzen hasi ginen, eta ordura arte falta izan zitzaigun erregulartasuna eta konfiantza izan genituen. Alde horretatik, nire ustez denboraldi ona izan da, ez dugu iazko larritasunik pasa, etxeko hainbat gaztek egin dute debuta, maila ona erakutsi dute eta beste urtebeteko esperientzia hartu dugu maila gorenean. Gainera, iaz partidu asko erraz galdu genituen, baina aurten lehiakorrago izan gara, baita galdu dugunean ere. Urte positiboa izan da.  

Aipatu dugu Betisen kontrako partidua izan zela denboraldiko une delikatuetako bat. Kopan, Mallorcako kanporaketa izan zen bestea. 

Bai, partidu hura telebistaz ikustea egokitu zitzaidan, eta oso gorputz txarrarekin geratu nintzen. Hurrengo egunetan oso ezkor ikusi nuen taldearen inguruko giroa. Eta begira aurreko urteotan zelako momentu gogorrak bizi izan genituen: kategoriaz jaitsi ginenekoa, Mendizorrotzan igotzea lortu ez genuenean... Eta kasu haietan ez nuen halako ezkortasunik igarri. Egia da, baina, kopako kanporaketak gainditzen joan eta jendearengan ilusioa piztu genuela, etxean aldeko emaitza lortu genuela eta Athletic zegoela final-laurdenetan zain... Horrek guztiak eragina izango zuen.   

Arlo pertsonalean, hasieran ez zinen Montanierren begikoa. 

Ez, lehenengo jardunaldietan ez nuen jokatu, baina, halakoetan esan ohi dugun moduan, gogor entrenatzen jarraitzea behar-beharrezkoa da, taldean konpetentzia izatea osasungarria delako, eta zure ordua iristen denean gertu egoteko.

Txarto hasi zinetelako-edo, Montanierri kosta egin zaio jendearen konfiantza lortzea. Ez dakit justua den. 

Sarri egin didaten galdera da, eta guk ere antzeman dugu hori Anoetan; nik ere ez daukat erantzunik. Zuzendaritzak denboraldi hasieran ezarritako helburuak ondo bete ditu eta pazientzia beharrezkoa da proiektuak egonkortzeko. Harrobiko jokalarien aldeko apustua egin du, eta lehen esandako moduan, lehiakor izan gara denboraldian zehar.

Denboraldi berezia izan da zuretako, kontratua berrituta, kapitainaren besokoa jantzi duzu... 

Bueno, kapitain izatearena anekdota hutsa izan zen. [Barre] Aranburu, Prieto, Ansotegi eta Bravo dira kapitainak, eta haietako inor ez zegoenez, eta gu ere adinean aurrera goazenez, bada, niri egokitu zitzaidan. Eta bai, berezia izan zen. Eta bestalde, kontratua berritzearena ere oso garrantzitsua izan da, 2017ra arte Realean egongo naizelako.

Egungo zuzendaritzak egonkortasuna lortu du, jokalariondako ere proiektu interesgarria da hau.

Aurten hainbatek berritu dugu Realarekin kontratua: Zurutuzak, Prietok, Elustondok, Agirretxek... Horrek erakusten du oinarri polita egiten dabiltzala lorpen handiagoak lortu ahal izateko.

Gaiz aldatuz... prentsan titular onenetako batzuk futbol jokalariek eman dituzte, baina sare sozialen bitartez. Zure kasuan?

Badut Facebooka [barre], baina ez ditut horrenbeste jarraitzaile. Aspaldiko lagunekin egoteko erabiltzen dut, besteak beste.

Orain, baina, sare sozialen bidez aireratzen dira jokalarien bizitza pribatuko arlo asko, esaterako, hainbat taldekide Madrilen parrandan geratu zirenekoa. 

Bai, eta Interneten askok edozer esaten dute, gainera, anonimotasunean gordeta. Baina gure egunerokoan argi izan behar dugu pertsonaia publiko garela, eta baita Realeko ordezkari ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak