Defentsako lanari esker, lehen garaipena Ford Mugarrirendako

Mireia Bikuña 2012ko maiatzaren 20a

Arrasatearrek 24-22 irabazi zuten Valladoliden kontrako lehia. Lehen Nazional mailara igotzeko bigarren eta azken partidua, gaur, domeka jokatuko dute 11:00etan Elx, etxeko taldearen kontra. Ford Mugarrik garaipena behar du igoera lortzeko.

Ane Herreroren mutilek partidu parekatua jokatu zuten atzo, zapatua. Baina, Valladolideko hasi ziren partidua agintzen. 3-1 aurreratu ziren 10. minuturako. Arrasatearrak motorrak berotu zituztenean eman zioten buelta markagailuari; batez ere, defentsan egindako lanari eskeri. Hainbat baloi berreskuratu zituzten eta erasoan ez zuten hutsik egin. Lan hark fruituak eman zituen eta hiru goleko errentarekin heldu ziren atsedenaldira: 12-9.

Kalitate handiko jokalariak

Valladolid taldeko jokalariak gazteak izan arren kalitate tekniko handikoak direla argi gelditu zen lehenengo zatian eta beraien bi-biren aurkako jokoa nolabait gelditzeko zer egin behar zen hitz egiten aritu ziren atsedenaldian. Jokaldi horietan min handia egin baitziguten lehenen hogeita hamar minutuetan.

Errenta mantendu edo handitu

Markagailuan zuten errenta mantendu edo handitzeko helburuarekin irten ziren arrasatearrak bigarren zatian; baina, epaileak Ford Mugarriko jokalari bat egotzi zuen, eta Valladolidek berdindu egin zuen: 13-13. Galdutako jokalaria berreskuratu zutenean, berriro ere defentsako lan onari esker, bi goleko errenta lortu zuten arrasatearrek: 17-15.

Abantaila lortuta, berriro jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Ford Mugarri eta berriro berdindu zuen Valladolidek: 18-18, 47. minutuan. 

Jokalari bat gutxiagorekin geratzen zen bakoitzean, asko sufritzen zuten arrasatearrek, Valladolidek golak lortzeko kalitatea eta erreztasuna zuelako.

Azken txanpa, erabakigarria

Partiduko azken txanpan defentsa aldatu zuen Valladolidek. Jokalari bat aurreratu zuen arrasatearrek jaurtitzaileak erasotik urrun mantentzeko asmoz. Hori horrela, Ford Mugarrik lan handiagoa egin behar izan zuen defentsan zuloak topatzeko.

Lehia bukatzeko hiru minututu falta zirenean, berriro egotzi zuen epaileak Ford Mugarriko jokalari bat. Arrasatearrek bi goleko aldea zuten (20-18). Bi erasoetan bi gol egin zituen Valladolidek (22-21).

Azken bi minutuetan, hutsarteak eskatu zituen Ane Herrerok, eta jokalariek ongi aukeratutako erasoak antolatu zituzten. Partidua bukatzeko 12 segundu geratzen zirenean, 23-22 zeuden aurretik arrasatearrak, eta baloiaren jabetza zuten. Ez zuten hutsik egin eta lehia erabakita utzi zuten: 24-22.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak