Zertarako? Bada, talde bakoitzak besteetan zer landu den ikusi eta taldeetan parte hartzen ez duten baina prozesuaren gainean interesa duten herritarrak ere informatzeko. Behin arlo bakoitzean jorratu dena azalduta, bateratze saio horretan taldeetan banatu ziren –zoriz osatu ziren, koloreen bidez–, aurrez entzundakoen gainean ekarpenak egiteko. Orain plana bigarren fasean sartu da eta fase berri honetan, lehen faseko hausnarketetatik abiatuta proposamen zehatzak lantzen joango dira.
Lau lantalde dira: elikadura eta lehen sektorea, kontsumo arduratsua eta produktu eraldatuak, herrigintzako plaza eta aisialdia eta jolasgunea. Lau talde horietako hiruen ordezkariekin egon gara eta bateratze saio horretatik atera dituzten ondorio edota ideia nagusiak azaldu dizkigute.
Elikadura eta lehen sektorean diharduen Larraitz Trojaolak honako ondorioa nabarmendu digu: "Baserritik bizitzea posiblea dela ondorioztatu genuen. Lur gutxi dago eta daudenak nahiko eskasak dira, eta administrazioek ez dituzte politika egokiak gauzatu orain arte, baina posible da".
Bestalde, kontsumo arduratsua eta produktu eraldatuak deritzon lantaldeko arduraduna den Sonia Etxenausiak adierazi digu zazpi lan ildo identifikatu dituztela: "Artisautza eta diseinatzaileak, kontsumo arduratsua, bertako produktuak, bidezko merkataritza, bigarren eskuko produktuak, monetan oinarritzen ez diren ereduak eta kontsumo taldeak izan ziren atera ditugun lan ildoak eta horiek guztiak azokan nola txertatu aztertuko dugu orain".
Amaitzeko, herrigintza plaza lantaldearen ondorio nagusia azaldu digu Jon Etxeberriak: "Azoka denondako topaleku izan behar da. Salerosketaz gain, azokak aisialdirako txoko bat izatea interesgarria litzateke: kafetegi bat, liburutegi txiki bat eta agertoki txiki bat, esaterako".