Asteburu gogorra izan behar du Ford Mugarri Arrasate eskubaloi taldeko ordezkariendako. Duela hamabost egun Gijongo igoera fasean esku-eskura izan zuten mailaz igotzea, baina finalean, etxean jokatzen zuen Covadongako taldearen kontra galdu zuten, eta, bigarren sailkatuta, beste aukera bat izango dute asteburuan, azkena, Elxen (Alacant). Eta esfortzua diogunean ez da fisikoa bakarrik, ekonomikoki ere beste bidaia bati aurre egin behar izango dio-eta klubak.
Gijongo esperientziaz
Ane Herreroren mutilek Gijongo fasean ikasitakoak fresko eramango dituzte Alacant aldera, eta ondo dakite, oraingoan ere, etxean jokatzen duenak aparteko abantaila izango duela. Hasteko, zozketa bidez egiten bada ere, Elxek atseden hartu ahal izango du egubakoitzeko partidutik domekara bitartean, eta Valladolideko eta Arrasateko taldeek ez dute halako zorterik izan: "Ez daukat oso garbi zelan egiten duten zozketa hori", diosku, barrez, Arra- sateko taldeko ordezkari Andoni Arandok. "Kontua da azken urteotan etxean jokatzen duenari beti tokatzen zaiola lehen partidua jokatzea. Baina bueno, ez da sorpresa, badakigu etxean jokatzen duenak abantaila izango duela, ez dago besterik". Ane Herrero entrenatzailea ere ez du horrek sorpresaz harrapatuko: "Hori jakinda, euren jokoan ez sartzen ahaleginduko gara".
Valladolid eta Elx taldeek gaur, egubakoitza, jokatuko dute lehenengo kanporaketa: "Ederra izango litzateke Valladolidek etxeko taldea menperatuko balu, horrek mesede egingo liguke; alegia, etxeko taldea jokoz kanpo uztea". Hala, Valladolid eta Ford Mugarri Arrasate egoera berean egongo lirateke. Arrasatekoek gauerdian ekingo diote bidaia luzeari, 800 kilometro egingo dituzte autobusez, eta, bihar goizean atseden hartu ostean, 19:00etan jokatuko dute Valladoliden kontra.
Partidu horren ostean atseden hartzera, eta domekako hitzordurako ahalik eta ondoen errekuperatzera, bigarren finala 11:00etan jokatuko dute-eta, aurreratu dugun moduan, Elxen kontra.